Presoen eskubideen aldeko kirol aldarrikapenak 880 lagun inguru batu ditu Gernika-Lumon
Eguraldiak lagundu ez arren, Euskal Herri osoko zein mugetatik kanpoko lasterkari, mendizale eta kirolariek parte hartu dute preso dituzten euskal herritarrak herriratzeko kirol jardueran.
Euri tantekin hasi da goiza, baina elkartasun pausoek hartu dute horien lekua Gernika-Lumon. Goizean goizetik jendetza batu da Merkurion, eta lasterketa zein mendi martxetan pausoz pauso eta kilometroz kilometro elkartasuna adierazi gura izan duten 880 pertsona inguru elkartu dira Etxera Trailen. Urteroko hitzordua bilakatu den lasterketaren aurretik 777 pertsonak eman zuten izena; gaur, baina, 90 pertsona inguru gehitu dira ekitaldira.

Lasterketan parte hartzeko 369 pertsona zeuden apuntatuta, eta horiei 29 korrikalari gehitu zaizkie. Martxa luzean, berriz, aurretik 401 pertsona ibili dira mendian gora eta behera. Martxa laburrean, 70ek parte hartu dute. Antolatzaileek adierazi dutenez, pozik daude Etxera Trailek aurten izan duen harreragaz: “Eguraldia ikusita, jende gutxiago hurbiltzea espero genuen, baina kirolari asko etorri dira, eta pozik gaude”.
09:00ak aldera eman diote hasiera martxa luzeari, presoen aldeko bandera erraldoia zabaldu ostean. Mendi lasterketako korrikalariak, berriz, 10:30ean atera dira, eta kartzelen barroteen itxura eduki duen paperezko horma apurtu eta zeharkatuta hasi dira korrikan; Aski da! zioen apurtu duten pankartak. Mendi martxa laburrari 10:45ean eman diote hasiera.
Giro ederra egon da Merkurio inguruan, baina eguraldiak ez du lagundu, eta euriari aurre egin behar izan diote kirolariek. Bidea lokaztuta egon da, eta asko izan dira bidean irris egin eta lurrera erori direnak. Hala, baina, ibilbidea gustura egin dutela adierazi dute askok. Aurtengoa “xuabeagoa” izango zela aurreratu zuten antolatzaileek, eta 16 kilometrotan 650eko malda positiboa gainditu dute bertaratutakoek.

Goi mailako korrikalariak. Lasterketen munduan goi mailan ibiltzen diren hainbat korrilari egon dira gaurkoan; Imanol Goñi eta Oihana Azkorbebeitia kasu. Arrolapeko hainbat kirolarik ere parte hartu dute lasterketan.
Jon Sola izan da 16 kilometroko ibilbidearen helmuga zeharkatzen lehena, eta bigarren iritsi da Igor Urionabarrenetxea. Hirugarren postuan, berriz, elkarrekin helmugaratu dira Eneko Zabala eta Oier Salaberria. Ibon Bilbao gernikarrak eta Imanol Goñi natxituarrak jarraitu diete.
Nesken artean, Oihana Azkorbebeitia (Abadiño) izan da azkarrena. Bigarren postua Garazi San Pedrorentzat izan da, eta hirugarren iritsi da Leire Baraibar.

Oihana Azkorbebeitiak eguraldia “eskasa” izan den arren, ondo pasatu duela esan du. Ibilbidea gora behera askokoa eta oso dibertigarria izan dela dio: “Bidea polita izan da, iazkoaren antzekoa. Gora behera asko izan ditu, eta arin bukatu dugu. Lokatz asko egon da hasieratik, baina asko dibertitu naiz”.
Eneko Zabalak, bere aldetik, espero baino lokatz gutxiago aurkitu duela esan du: “Euria ari zuen, eta erreka sortu da mendian. Hori horrela, erreka ingurutik joan gara, eta ez dugu arazo askorik eduki. Herrira iristerakoan, hobeto ibili naiz”.
Zabalaren ustez, martxa egin dutenak dira merezimendu gehien merezi dutenak: “Guk ordu eta erdian bukatu dugu gurea. Martxa luzea egin dutenak, baina, horrelako egunarekin mendian gora eta behera ibili behar izan dira, eta eurek dute meritu handiena”. Antolatzaileek ere bideari buruzko kritika onak jaso dituztela aitortu dute, eta balorazio positiboa egin dute.
Aldarrikapena. Sariak banatu ondoren, urtero legez, euskal preso eta errefuxiatuen omenezko topa egin dute kirolari eta antolatzaileek. Jarrera lehiakorra alde batera utzi, eta gero eta leku gehiago duen aldarrikapenagaz bat egin dute guztiek.

Azkorbebeitiak elkartasun mezua bidaltzera etorri dela azaldu du: “Mezua zabaltzea da garrantzitsuena, eta hau da gure aportazio txikia”. Datorren urtean lasterketara etorri ahal izanez gero, berriz bueltatuko dela aitortu du kirolariak.
Zabalak ere, Etxera Trail lasterketa “berezia” dela dio: “Polita da lasterketa baten bidez gure elkartasuna bidaltzeko aukera izatea, bai korrikalari zein martxalariek”.