Zarragoitxiko igogailua hobetzeko lanak egiten ari dira
Igogailuko lanekin batera, auzoko eta inguruetako egoera hobetzeko "hainbat lan" egin ditu Bermeoko Udalak.
Bermeoko Udala “Zarragoitxi auzoko bizilagunen beharrizanei erantzuteko” helburuagaz ari da berriztatze lanak egiten.
Benito Ibarrolaza Bermeoko alkateordeak eta Zerbitzu eta Segurtasun zinegotziak obrei buruzko xehetasunak eman ditu: “adreiluzko hormak jartzen, sabaia konpontzen, estruktura margotzen eta argiteria hobetzen” aritu dira lanekin. Modu horretara, plaka metalikoak kendu dituzte, horiek lapurtu egiten zituztelako, eta Kurtzioko sarrera konponduta gunea “txukundu eta edertu” egingo dute.
Argiteria berriagaz eta segurtasun kamerekin, auzoko bizilagunen segurtasuna hobetzea bilatu dute. Horrez gain, egoera txarrean aurkitzen izan diren txapak kendu dituzte, eta material berriekin konponketak egin dituzte.
Alkateordeak nabarmendu duenez, “ekintza horiekin guztiekin ekintza bandalikoak saihestu nahi dira”. Bide berberetik jarraituz, auzoan eta bere inguruetan Udaltzaingoaren presentzia areagotzea erabaki du udalak.
Segurtasuna. Igogailuaz gain, kalearen egoera hobetzeko “hainbat lan” egin direla gogoratu du alkateordeak. Besteak beste, hidrogarbigailuagaz garbitasun bereziak egin dituzte, margoketa lanak egin, zuhaitzak ebaki eta igogailurako bideko zuhaitzak inausi dituzte. Guzti hori eginda, “bideak argitasuna eta segurtasuna irabazi ditu”, nabarmendu du.
Ibarrolazak adierazi duenez, lan horiekin udaletik Zarragoitxiren “egoera hobetu” nahi dute, herritarrek egindako eskaerak jarraituta. Emergentzi Plana ere gogora ekarri du. Izan ere, Herri Babeseko Jon Ojangurenek landutako planagaz, udala “Zarragoitxi kale eta ingururako proiektu bat lantzen” ari dela esan du alkateordeak.
Bukatzeko, “auzoko herritarrekin elkarlanean jarraituko” dutela ziurtatu du Ibarrolazak, “Zarragoitxi hobetzen jarraitzeko helburuagaz”.