Bosgarren denboraldian proiektua sendotzeko ilusioz
Euskadi-Murias taldeak bosgarren denboraldia hasi berri du profesional mailan (bigarrena mailarik gorenean) eta ilusioa berbagaz definitu dute aurtengo denboraldia.
Euskadi-Murias eta Murias-Limousin taldeen aurkezpena egin zuten atzo arratsaldean, Errenterian, eta bertan izan zen taldeagaz lehen denboraldia beteko duen Beñat Intxausti Elorriaga muxikarra.
Bosgarren denboraldia hasi berri dute profesional mailan, bigarrena mailarik gorenean, eta ilusioa berbagaz definitu dute aurtengo denboraldia.
Iazko denboraldia egundokoa izan zela azpimarratu zuten, eta hori espero dute oraingo honetarako ere. Gizonezkoen Euskadi-Murias taldea 20 txirrindularigaz osatu dute, eta emakumezkoen Murias-Limousin taldean sei txirrindulari daude.
Jon Odriozola Euskadi-Muriasen kirol managerrak eta txirrindulari ohiak gozatuz, lanean eta istoria egiten jarraitzeko gogotsu daudela adierazi zuen: “Elite mailara heldu gara pentsatu genuen baino lehenago. ASO-ren Flecha Valona holako klasikoaren gonbidapenea jasotseak Euskadi izena txirrindularitzaren munduko mailarik altuenera eraman eta proiektua baieztatzen du. Orain, gozatzeko unea heldu zaigu. Hortaz, gure bide apalari eutsi behar diogu, lan egiten eta istoria egiten jarraitzen euskal txirrindularitzan. Hedabideen oihartzuna azpimarratzekoa da; haiek ulertu dute-eta pentsaezinako markak lortu ditugula. Beraz, eskerrik asko guztiei eta ilusio bera eta dedikazio bera azalduko ditugu errepidean”.
Loli Sansano Murias-Limousin taldearen kirol zuzendariak, Muriasen harrobiko emakumeen aldeko apustua eta etorkizun zabala duela goraipatu zituen.
Hain zuzen, Euskadi-Muriasek eta Tolosako Oriako Txirrindulari Eskolak hitzarmena sinatu dute emakumeen txirrindularitza bultzatzeko. Izan ere, aurreneko urratsa da etorkizuneko proiektuan eta profesional taldeak erantzukizuna baieztatzen du euskal harrobiarekin. Gazte eta 23 urteko azpiko taldeek Murias-Limousin izena hartu dute eta babes osoa izango dute material eta logistika aldetik. Irati Idirin, Garazi Erostarbe eta Maialen Aramendia dira 23 urteko azpiko txirrindulariak, eta Naia Amondarain, Ekhiñe Rivas eta Xubane Garai dira juniorrak.
Halaber, Euskadi-Muriasen baliotasunak goraipatu zituen Ion Irurzun Elkano Fundazioaren kudeatzaileak: “2019an munduko itzulia emango dugu berriro ere. Eskerrik asko Euskadi-Murias taldeari hori egiaztatzeagatik. Ilargia ere harrapatuko dugu elkarrekin batera”.
Aritz Baguesek omenaldia jaso zuen atzoko aurkezpen ekitaldian. Errenteriarra Euskadi-Murias taldeko kidea da hasieratik, eta haren ezaugarri nagusiak erakusten zituen bideo bat jarri zuten. Taldekideak azaltzen ziren hari buruz berbetan, eta ekitaldiko momentu hunkigarrienetako bat izan zen.