Kirol agendan lekua duen aldarrikapena
Gernika-Lumon ospatuko da domekan Etxera Trail, baina Euskal Herri osoko zein mugetatik kanpoko lasterkari, mendizale eta kirolariek parte hartuko dute presoen eskubideen aldeko kirol jardueran. Izena emateko epea astebete lehenago itxi dute aurten, eta ia 800 pertsonak eman dute izena; inoiz baino gehiagok.
Urterik urtera gehiago. Hirugarrena da aurten, eta kirolean aldarrikapena egiteko lehen urteko deialdia urteroko hitzordua bilakatu da. Gernika-Lumon ospatuko da domekan Etxera Trail, baina Euskal Herri osoko zein mugetatik kanpoko lasterkari, mendizale eta kirolariek parte hartuko dute presoen eskubideen aldeko kirol jardueran.
Izena emateko epea astebete lehenago itxi dute aurten, eta guztira 777 pertsonak eman dute izena; inoiz baino gehiagok. «Sorpresa hartu dugu, ez genuen espero aldez aurretik hainbeste pertsonak izena ematea», aipatu dute antolatzaileek. Martxa laburra, martxa luzea eta lasterketa egiteko aukera izango da domekan, eta lasterketarako bakarrik 367 pertsona daude izena emanda. Martxa luzean 340 lagun daude apuntatuta, eta 70 martxa laburrerako.
Egunean bertan ere izena emateko aukera egongo dela adierazi dute antolatzaileek. 09:00etan aterako dira martxa luzea egin behar dutenak, eta izena eman gura duenak 08:00etatik 08:30era bitartean egin beharko du, Merkurion. Egunean bertan 12 euro ordaindu beharko da. Lasterketakoak 10:30ean aterako dira, eta izena emateko tartea 09:00etatik 10:00etara izango da, 14 euro ordainduta. Martxa laburra egin gura duenak ere 09:00etatik 10:00etara eman behar du izena, eta 8 euro ordaindu behar da egunean bertan.
Etxera Trailean parte hartu gura duten 10 urtetik beherakoek egunean bertan eman beharko dute izena,eta inskripzioa doanekoa izango da.
Ibilbidea, xuabeagoa. Martxa luzekoek eta lasterketakoek ibilbide bera egin beharko dute. Iazko bidearekiko zenbait aldaketa egin dituztela esan dute Etxera Traileko antolatzaileek: «aurtengoa errazagoa izango da, malda gutxiago izango da ibilbidean zehar». Martxa luzeko eta lasterketako ibilbideak 650eko malda positiboa izango dute, eta martxa laburrekoak 350ekoa. «Ibilbidea xuabeagoa izango da, baina asteko euriteen ondorioz bidea lokaztuta egongo dela aurreratu nahi dugu».
Urterik urte indarra hartzen joan den hitzordua da Etxera Trail, eta denek gozatzeko modukoa izatea gura dute antolatzaileek. Horregatik, errespetuz jokatzeko deia egin nahi dute. «Bai ibilbidea oinez egingo dutenek, zein korrika egingo dutenek bide berdina egin beharko dute, eta batzuk besteak errespetatzeko eskatu gura dugu. Jarduera hau denek gozatzeko delako, eta mendia zein basoa denena delako».
Argi adierazi nahi dute Etxera Trail ez dala konpetiziorako lasterketa bat, lagunartean, mendian, kirolean, aldarrikapenean egitekoa baizik. Eta jarrera lehiakorra alde batera utzita, mendi lasterketetan puntaren puntan dabiltzan kirolariak ere izango dira domekan Gernika-Lumon, Oihana Azkorbebeitia edo Imanol Goñi, kasurako. Arrolape mendi taldeko hainbatek ere parte hartuko dute lasterketan.
Ostean, pintxopotea. Goizeko probak giro onean egiteko antolatu dituzte, eta ostekoari ere jai giroa emango diote. Horretarako, urtero legez, pintxopotea egingo dute Gernika-Lumoko lau tabernaren laguntzarekin: Arrano, Ospa, Arima eta Aterpe. Hala, horietan pintxoak kontsumitzeko bina txartel hartuko dituzte Etxera Trailen parte hartzen duten denek. Eguerdi partea girotzeko, gainera, trikitilariak ibiliko dira lau taberna horietatik.
Lasterketa edo martxa egin ostean dutxa hartu gura duenak ere horretarako aukera izango du kiroldegian. Horrez gain, antolatzaileek azaldu dute parte-hartzaileentzako kontsigna ere ipiniko dutela Merkurion, behar duenak motxila bertan uzteko.
Hirugarrenez antolatu dituzte lasterketa eta martxak, eta eguraldia lagun badute, aurreko edizioetako parte hartzea gainditzea espero dute.
Antolatzaileek adierazi bezala, Etxera Trail antolatzea posible zaie ondoan dituzten laguntzaile eta babesleei esker, eta horien prestutasuna goraipatu gura izan dute: Arrano, Ospa, Arima eta Aterpe tabernak; Alkar kirol denda; Exclusivas Gernika; Ubilondo elektrizitatea; Lea-Artibai ondarea; Hitza; Ibaurre errehabilitazioa; Ipar tabernie; Txopi eskute