Umeentzako ipuin saioa eskainiko du Peio Añorga idazleak
Udal Liburutegian izango dute hitzordua etxeko txikienek.
Peio Añorga ipuin kontalariak ipuin saioa eskainiko du etxeko txikienentzat. Bermeoko Udalak antolatuta, saioa etzi, udal liburutegian izango dela jakinarazi dute, 18:00etan.
Añorga kontalaria izateaz gain, idazlea ere bada. Idazle modura, haur literatura landu du, ipuina, batez ere, baina poesiaz ahaztu gabe. Hainbat sari lortu digu bere lanengatik: besteak beste, Etxepare saria 2007 Gerlari Handia obragatik; Haur eta Gazte literaturako Euskadi saria 2008 Jenio Gaiztoa lanagatik, JUUL saria 2015 Augustoren botila ipuinarengatik edota Etxepare saria 2015 Munstroek ere pixa egiten dute ohean lanagatik.
Saiorako erabiliko dituen iturriak aipatzerakoan, Añorgak “ahozko tradizioko ondarea, ipuin klasikoak, munduko mitologia, norberaren liburuak eta bizipenak eta eguneroko albisteak” nabarmentzen ditu.
Ipuin kontalariaren saioa lau urtetik gorako umeei zuzenduta dagoela adierazi du udalak, eta edukiera 50 eserlekukoa izango da. Sarrera doakoa da.