Eskualdea, joan-etorriko elkartasunaren aterpe
Marokotik ihesean Euskal Herrira etorritako familia bati ondoetorria eman zioten asteburuan. Busturialdea Harrera eskualdea delako, udalerrian bizi diren errefuxiatuek hartu zuten familia Gernika-Lumon.
Non lo egin jakin barik, astebetean aterpe gabe egun eta gauak igaro eta gero, Busturialdeko herritarrek besoak zabaldu dizkiete Rif hiritik (Maroko, Afrika) ihesean Euskal Herrira iritsitako familia bateko hiru kideri.
Eskualdeko herritarrek errefuxiatuekiko beste keinu bat izan dute, eta familiaren egoera egonkortu bitartean, urrian Genika-Lumora etorri ziren beste hamabi errefuxiatuekin biziko dira Eztena udalerriko eraikin okupatuan.
Nerea Zarandona Busturialdea Harrera Eskualdeko kideak azaldu modura, eskubide sozial eta politikoak defendatzeko borrokatzen ari dira Rifeko herritarrak. “Atxiloketak, torturak… eguneroko gertaerak dira Maroko iparraldeko hirian, eta Astrara hurbildutako familia gatazka horietatik ihesean etorri da”.
Bilbora iritsi zen hirukotea, eta jarraian, Bilboko Gizarte Larrialdietako Udal Zerbitzuetara joan ziren, baina udal zerbitzuek “ateak itxi” zizkieten, “euren araudiaren arabera ezin direlako adin txikiko pertsonen kargu egin”. Udal zerbitzuen ezetza jaso ondoren, Bizkaiko Foru Aldundira jo zuen familiak. Gurasoak alabarengandik banatzea eskatu zioten familiari, “beraien protokoloak hala eskatzen duelako”. Gurutze Gorrikoek ere ezin izan zieten lagundu.
Egoera horren aurrean, Bilboko parkean lo egin behar izan zuen hirukoteak, eta azkenean, Ongi Etorri Errefuxiatuen egoitzatik pasatu ziren. Instituzioen ate guztiak zarratuta zituztela ikusi zuten, eta herri desberdinetan dagoen harrera sarea martxan jarri zutela dio Zarandonak. Hala, Astrara gerturatzeko aukera ikusi zuten, “beste irtenbide bat aurkitu bitartean”.
![Errefuxiatuak](http://busturialdea.hitza.eus/site/files/2019/01/errefuxiatuak-500x541.jpg)
Argazkia: Ongi Etorri Errefuxiatuak
Eztenan bizi diren errefuxiatuek harrera “hunkigarria” egin zioten Rifetik gerturatutako familiari, “euren egoera oso larria zela bazekitelako”. Eta laguntzeko prestutasun hori hasieratik islatu zen harreran; izan ere, Astra, Eztena eta udalerri ingurua erakutsi zieten heldu berriei. “Elkar laguntzeko asmoz, errefuxiatuek errefuxiatuei eman zieten eskua”, aitortu du Zarandonak.
Haren berbetan, Marokoko familiak “beharrezkoa” du familia hezteko leku bat izatea. Hala, Busturialdeko Harrera Elkarteko kideak arazoari irtenbidea emateko lanean ari direla zehaztu du: “Harrera taldetik mozio batzuk aurkeztu ditugu eskualdeko hainbat udaletan. Mozioen bidez familia hau bizitzeko tokiren bat aurkitu nahi dugu”.
Errefuxiatuek bizi duten egoerak, baina, bestelako irtenbide bat eduki behar duela uste du Zarandonak: “Hegoaldeko jendeak etortzen jarraitzen du, eta Eusko Jaurlaritzak ez dauka pertsona horiei laguntzeko beharrezkoa den harrera programa integral bat”.
Orain arte, instituzioek ez dutela beraien lana egin uste du elkarteko kideak, eta Busturialdeak hamasei pertsonei aterpea eman diela esan du: “Hamabi hurbildu ziren hasieran, baina hamasei dira dagoeneko. Horien artean, asilo eskatzaile bat ere badago, Eztenan bizi ezean, kale gorrian egongo litzatekeena”.
Herritarren laguntza. Jateko eta lo egiteko leku bat eduki arren, errefuxiatuek beraien egoerarekiko bizi duten amorrua “oso handia” dela dio.
Egoera horren aurrean, Busturialdeko herritarren artean “sare afektibo handia” sortzen ari dela azaldu du: “Elkarbizitzan eta konfiantzan oinarritutako bizimodua eraikitzen dabiltza herritarrak eta errefuxiatuak”.
Gainera, elkartasun uholdeak era eta pentsamendu guztietako herritarrak batzen dituela zehaztu du: “Txalotzekoa da herritarrek duten elkartasun grina, norbanakoek ez ezik, ikastetxe, talde, enpresa eta erakundeek ere asko laguntzen digutela esan behar dugu”.
****Hilaren 29an ‘Le Havre’ filma emango dute Astran.
Astra Zinema Paradiso eta Ongi Etorri Errefuxituak taldeak antolatuta, Le Havre filma emango dute martitzenean, 19:00etan, Astran.
Ikus-entzunezkoak Havre hirian errefuxiatutako idazle baten bizipenak kontatzen ditu, eta bukatutakoan mahai inguruan bilduko dira.
Eskualdera hurbildutako errefuxiatuei aisialdirako gune bat eman asmoz antolatu dute proiekzioa.