AGIRI Arkeologia Kultura Taldeak webgune berria estreinatu du
Biosfera Erreserbako kultura eta arkeologia ondarea aztertzeaz, kontserbatzeaz eta ezagutarazteaz arduratzen den kultur elkartea den heinean, beraien lanak zabaltzeko "ezinbestekoa" den tresna osatu dute.
Webgune berria jarri du martxan AGIRI Arkeologia Kultura Taldeak.
Biosfera Erreserbako kultura eta arkeologia ondarea aztertzeaz, kontserbatzeaz eta ezagutarazteaz arduratzen den kultur elkartea den heinean, beraien lanak zabaltzeko “ezinbestekoa” den tresna osatu dute. Bertan aurki daitezke urte luzez egindako lan gehienen lotura zuzenak.
Elkarteko kideek 30 urte daramatzate lanean, eta asko dute eginda. Hori zabaltzeko asmoz, 2017. urtean webgunea berriztatzeko ideia izan zuten, eta Gernika-Lumoko Udalagaz harremanetan jarri eta gero, lortu dute. “2018. urtean webgunean zer sartu eta hori zelan landu erabaki dugu, lasaitasun osoz”, adierazi du Juan Carlos Quintana AGIRI elkarteko kideak.
Eskualdeko elkarteen artean webgunea edukitzen lehenengotarikoak beraiek izan zirela dio Quintanak: “90eko hamarkada bukaeran zabaldu genuen gure lehen webgunea, Edu Gordok diseinatu zigun. Garai hartan, oso itxiak ziren, eta hori eguneratzea oso zaila egiten zitzaigun”. Hala, ezer ez zutela igotzen azaldu du, eta 2003. urteaz geroztik, webgunea “zaharkituta” geratu zitzaiela aitortu du: “Sartzea posiblea zen, baina albisteak eguneratu barik zeuden”.
Bitarteko urte horietan guztieetan ikerketa eta kontserbazio lanak burutzen jarraitu dute, eta horien zabalkundea konferentzia bitartez egin dute: “Arlo zientifikoan publikatu ditugu lanak, baina gaur egun ezinbestekoa den Interneteko bitartekaria falta zitzaigun, eta orain, badaukagu”.
Diseinua, Quintanarena. Edukiak, argazkiak, egitura beraiek pentsatu dituztela aitortu du Quintanak, eta webgune berriaren diseinatzailea No Media Estudioko Roberto Quintana izan dela zehaztu du.
Euskarara itzultzeaz arduratu direnak Artez taldekoak dira, eta Quintanaren berbetan, “oso pozik” daude lanagaz.