Muruetako Udalbarri aretoa ikasketa gela bat izateko egokituko dute
Ikasketa gunea batxilergotik gorako ikasleentzat zuzenduta egongo da.
Udalbarri aretoa erabilera berri batzuk emateko egokitze lanak egiten ari da Muruetako Udala. Horrela, herrian bertan ikasteko gune bat prestatuko dute aretoan. Zehaztu dutenez, ikasketa gune hori batxilergotik gorako ikasleentzat zuzenduta egongo da.
Ikasketa gela herritarrek egindako eskaeren ondorioa dela nabarmendu du Jabier Ondarza Muruetako alkateak. Muruetako bizilagunentzat “baliotsua” izango dela uste du: “Muruetako gazte askok beste udalerri batzuetako ikasketa gelak erabiltzen dituzte. Hala ere, horietan egoten den leku falta dela-eta, herrian antzeko gune bat edukitzeko eskaerak egin dizkigute”.
Modu horretara, herriko zein inguruetako bizilagunak Muruetara hurreratzea nahi du udalak.
Ondarzak azaldu duenez, lehenengo ikasketa gelan guztira 12 pertsonentzako tokia prestatuko dute. Etorkizunean leku gehiago edukitzeko eskaerak jasotzen badituzte, horretarako konponbideak bilatzeko “prest” daudela jakinarazi du: “antzeko guneak prestatzeko beste toki batzuk ditugu, baina errepidea egin orduko zer nolako trafikoa egongo den jakin beharra dago eta lehenik hori aztertu nahi dugu”.
Hala izanik, Udalbarriko ikasketa gela “lehenengo pauso” bat izango dela eman du jakitera alkateak, herriak horrela eskatzen badu behintzat.
Beharrizan guztiak betez. Modu horretara, Udalbarri aretoa helburu horretarako egokitze lanak egiten ari da udala. Esaterako, mahai eta aulkiekin batera entxufeak, ordenagailu bat eta inprimagailua jarri dituzte. Ez hori bakarrik, gaur egungo beharrizanetara moldatzeko, haririk gabeko Interneteko konexioagaz batera, ordenagailu eramangarriak konektatu ahal izateko zortzi konexio finko edukitzeko sarrerak jarri dituzte.
Alkateak zehaztu duenez, ohikoa den haririk gabeko Internetaz gain konexio zuzena eskaini nahi izan dute, horrek “kalitate aldetik aukera hobeak” eskainiko baitie ikasleei eta beraien beharrizan guztiak bete.
Herritarren partaidetza. Ikasketa gelaren ordutegiari dagokionez, herritarren partaidetzaren bitartez aukeratuko dutela argitu du. Izan ere, aste honetatik aurrera irekiko dute eskabideak egiteko epea. Proposamenak udaletxean bertan eta udalaren webgunean utzi ahalko dira.
Aretoari erabilera berri bat emango dioten arren, orain arte bete dituen funtzio berberak betetzen ere jarraituko duela adierazi du Ondarzak. Horrela, Udalbarri aretoan erakusketek, hitzaldiek eta eztabaida guneek beraien tokia izaten jarraituko dute, baita film emanaldiek ere.
Alkateak herritarrak animatu ditu, bai ordutegiak proposatzerako orduan eskabideak egiteko eta baita “ohiturak aldatu” eta ikasketa gelak erabiltzera.