Gernika RTk hemeretzi puntugatik galdu du urteko lehen partidua
Talde gernikarrak 12-31 galdu zuen SilverStorm El Salvador taldearen kontra atzo eguerdian Urbietan jokatutako partiduan.
Valladolideko taldeak aurkari indartsua dela erakutsi zuen beste behin, Ohorezko Mailaren saikapenean hirugarren postuan kokatuta baitago. Defentsan gogor eta erasoko jokoan indartsu aritu ziren bisitariak. Hala, hamabigarren minutuan talde gernikarraren pase bat antzeman eta entsegua egin zuten.
Nico Martinezen jokalariak puntuak eskuratzeko ahaleginean ari ziren, baina, ez zuten aurkarien defentsa gainditzea lortu. Tarte laburrean, jokaldi berdina antzemanda, bigarren entsegua egin zuen Junior Nuu Valladolideko jokalariak (0-14).
Gernika Rugby Taldeak defentsa sendotu eta erasoan argitasuna aurkitu zuen. Hurrengo entsegua, baina, bisitariena izan zen, eta erasoko jokoan duten erraztasuna argi erakutsi zuten.
Talde gernikarrak saiakerak egiten jarraitu zuen, eta jokaldi bikaina burututa lortu zuen lehenengo entsegua; Santiago Percellok egin zuen. Momentu on hori luzatu gura izan zuten Nicolas Martinezen mutilek, baina ez zuten aurkarien defentsa apurtzea lortu.
5-21eko markagailuagaz iritsi ziren atsedenaldira. Bigarren zatia lehenengoaren moduan hasi zuten Valladolideko jokalariek. Indartsu zelairatu ziren, eta partiduaren kontrola eskuratu zuten. Entseguak lortzeko saiakera egin arren, bigarren zatiko lehen puntuak zigor kolpe bigaz lortu zituzten (5-24).
Hemeretzi puntuko aldeagaz markagailua berdintzea ez zen lan erraza gernikarrentzat, baina lanean jarraitu zuten basurdeek. Gogor ekin zuten, baina aurkariek ere ez zuten etsi, eta laugarren entsegua egin zuten. Joko biziagoa erakutsi zuten orduan etxekoek, Santiago Viaña eta Joaquin Palisaren arteko jokaldiak burutuz. Azkenean, egindako lanak erantzuna eduki zuen, eta entsegua burutzea lortu zuten etxekoek (12-31).
Basurdeek ez zuten etsi, eta puntu gehiagoren bila ibili ziren azken minutura arte. Hala ere, ahaleginak ahalegin, ez zuten gehiagorik eskuratu.