Korrikaren aldeko oheko tapakia egingo du Gernika-Lumoko Berbalagunek
Auzolanean eta Korrika laguntzeko, oheko tapakia josten hasiko dira Berbalaguneko kideak; gero, herritarren artean zozketatuko dute. Horren aurretik, baina, Bikaña dendan eduki dute ikusgai.
Bi urterik behin egiten dute aipatu tapakia, Korrikak Euskal Herri osoa zeharkatzen duen urte horietan. Izan ere, Berbalagunek Korrika laguntzeko egiten duen ahalegina da, eta aurten, hirugarrenez bultzatuko dute ekimena.
Urtarrilaren 17tik aurrera. Orain bi urte 30 lagunen artean landu zuten oheko tapakia, eta aurten ere, parte hartzeko deia egin diete herritarrei. Ikastaroa urtarrilaren 17an hasiko da, eta eguenetan 19:30ean jarri dute hitzordua Kultur Etxean. Tapakia osatzeko, 140 lauki josi behar dituztela adierazi dute arduradunek, eta horiek Patchwork teknika erabilita burutuko dituzte.
Herritarren parte hartzea ezinbestekoa da, eta interesatuek Udal Euskaltegian edota AEKn eman dezakete izena. Berbalaguneko hurrengo telefono zenbakira deituta ere apuntatu daitezke: 600 48 20 10.