Elkarbizitzarako bidean presoen garaia "orain" dela aldarrikatuko dute etzi, Bilbon
17:00etan La Casillatik aterako da manifestazioa. Bilbora joateko autobusak antolatu dituzte eskualdeotan. Ondarroan eta Gernika-Lumon dispertsioagaz amaitzeko eskatu dute
Aurten lehenengoz, sindikalgintza osoaren partaidetza egongo da BilbonIraganetik “ezer baztertu eta ahaztu gabe” bidea egiten jarraitu behar dela diote Sarekideek, eta indarkeria guztien biktima guztiei zor zaien egia aitortu behar zaiela deritzote. Hala, errespetua eta errekonozimendua nabarmenduz elkarbizitza demokratikoa posible ikusten dutelako, etorkizun hobe bati ateak zabaltzeko eskatuko dute etzi. Orain Presoak dinamikak, azken hilabeteetan lortutako atxikimenduak eskertu eta txalotu gura izan ditu, “norbanako bakoitzak emandako urratsak beharrezkoak direlako”. Aldarriarekin bat. Gure Esku Dagok ere bat egin du dinamikaren aldarrikapenekin, eta etzi, Bilbon egingo diren manifestazioetan parte hartzeko deia egin die herritarrei, “giza eskubideen, elkarbizitzaren eta bakearen defentsan”. Bilboko manifestazioarekin bat egiteko deia egin dute baita ere Busturialdeko, Lea-Artibaiko eta Mutrikuko Sarekideek. Gernika-Lumon abenduaren 31an Orain Presoak adierazteko bete ziren kaleak, eta dispertsio politikak 29 bete dituela salatu zuten. Kepa Arronategi gaixotasun sendaezina duen preso gernikarraren kasua gogorarazi zuten, eta bera etxeratzea exijitu.
Garai berriagaz aukera berriak sortu direla deritzote Sareko kideekDispertsioari irudia jarri zioten Foruen plazan, eta sakabanaketak dirauen urte bakoitza adin bereko pertsona batekin ordezkatu zuten. Gainera, Bilboko manifestaziora joateko deia egin zuten: “Indarrak batu behar ditugu eta Bilboko kaleak giza eskubideez, konponbidez eta bakeaz bete behar ditugu”. Ondarroan, berriz, urtero legez, preso eta iheslarien eskubideen aldeko Olentzeroren kalejira egin zuten abenduaren 24an. Kalera Kalera! Badator Olentzero oihukatu zuten alde zaharrean hasi eta Alamedara arte. Autobus zerbitzuak. Lea-Artibai eta Mutrikun, Bilbora joateko autobusak antolatu dituzte. Busturialdean, baina, lineako autobusetan joango dira. Mutrikun Zubixa herriko tabernan eman behar da izena, eta autobusa 15:30ean aterako da Txanbolingo biribilgunetik. Ondarroan, Anaitasuna eta Kulixka tabernetan apunta daiteke; autobusa 15:00etan aterako da Zaldupeko Zubitik. Markina-Xemeingo herritarrek Txokun eta Alarabin emon beharko dute izena, eta etxebarriatarrek Iru Bide tabernan. Autobusa 15:15ean aterako da Bilborantz. Lekeitiarrek, berriz, Guzurmendin, Aralden eta Galarrenan apuntatu daitezke. Lekeitioko autobusa 15:15ean aterako da Mandaskatik.