Borrokan jarraitzeko gogo biziz hasi du 2019a talde gernikarrak. Aurreko astean bi partidu jokatu zituzten Malosten, eta biak irabazi zituen etxeko taldeak. Eguenean
Galatasaray-ren kontra lehiatu zen Eurokopan, eta biharamunean
Femeni Sant Adria mendean hartu zuen. 24 ordutan zaleak ilusioz bete zituzten, beste behin.
Zaleak talde animatzen, Galatasarayren kontra partiduan.
Argazkia: Gernika KESB.
Nekea pilatu arren, atsedenik hartzeko astirik ez daukate Lointekeko jokalariek.
EuroCup Women Txapelketaren multzokako fasean
bigarren postua eskuratuta sailkatu zen kanporaketetara, eta eguen honetan (urtarrilak 10) Galatasayren kontrako bueltako partidua dute Turkian (17:30).
Aurreko asteko garaipena errepikatzeko lan egin beharko dute talde gernikarreko jokalariek. Ikusgarria eta hunkigarria izan zen. Magiaz betetako neurketa. Lointek Gernika Bizkaiak
84-69 irabazi zion iazko Eurokopako txapeldunari.
Zaleek Maloste bete zuten, eta jokalariek ez zieten hutsik egin. Talde turkiarraren esperientzia igarri zen kantxan, baina, etxekoek beren jokoari eutsita, edozien aurkariri aurre egiteko gai direla erakutsi zuten. Lehen zatian argitasun eta eraginkotarsun falta igarri zen, baina, kalitateagaz, nortasunagaz eta bihotzagaz nagusitu zen Malosteko taldea.
Ligan ere, indartsu. Dia Ligan 14 jardunaldi lehiatu dituzte momentuz, eta horietatik hiru bakarrik galdu ditu Gernika-Lumoko taldeak. 11 garaipenetan azkena, aurreko astean lortu zuen Sant Adriaren kontra, etxean (76-71).
2018-2019 denboraldia historikoa da klubarentzat. Hasiera bikaina izan dute, eta emaitza onei eusteko lanean ari direla erakusten ari dira jokalariak. Gaur gaurkoz, Emakumezkoen Ligaren sailkapenean
hirugarren postuan dago Lointek Gernika Bizkaia, 25 puntugaz.
Bi puntura ditu Spar Citylift Girona liderra eta Perfumerias Avenida bigarrena.
15. jardunaldia lehiatzeko Valentziara bidaiatuko dute. Valencia BCren eta Lointek Gernika Bizkaiaren arteko partidua 19:15ean hasiko da, zapatuan (urtarrilak 12).
Kamile Nacickaite. 2018. urtea amaitzeko fitxaketa berria iragarri zuen Gernika-Lumoko klubak. Eleanna Christinaki greziarrak taldea utzi ostean, urtarrilaren 1ean taldeagaz lanean hasi zen Kamile Nacickaite lituaniarra. Christinakik abenduaren 31a arte zeukan kontratua, eta beste eskaintza bat onartuta utzi du taldea.
Kamile Nacickaite lituaniarra Sant Adriaren kontrako partiduan.
Argazkia: Gernika KESB.
Hegaleko zein eskolta moduan jokatu dezake Nacickaitek, eta haren fitxaketagaz kanpoko jokoa indartzea espero dute klubean. 26 urtegaz esperientziadun jokalaria da, eta batik bat Turkiako Ligan aritu da.
Mario Lopez entrenatzailearen berbetan, hiruko jaurtiketetan eta erreboteen ostekoetan nabarmentzen da: “Argia eta bizkorra da kantxan, eta baloirik gabeko jokaldiak ondo irakurtzen ditu. Talde askotan esperientzia hartu du, eta espero dugu horrek taldeari hobeto lehiatzen laguntzea”.