Gernika ATko ordezkaritza zabalak parte hartu du Zornotzako Nazioarteko Krosean
Atzo, Errege Egunez lehiatu zuten 65. Zornotzako Nazioarteko Krosa. Ospe handiko proban, kategoria desberdinetako 400 bat atleta bildu ziren, eta horietatik 43 Gernika Atletismo Taldeko kideak izan ziren.
Izan ere, herri lasterketa eta absolutu kategoriako krosagaz gain, maila guztietako lasterketak lehiatzen dituzte Jauregibarriako zelaietan, eta Gernika-Lumoko taldeko neska-mutilek ez zuten hutsik egin gura izan.
Parte hartzaile gehienak euskal herritarrak izan baziren ere, absolutuen lehian, espainiar zein afrikar atletek parte hartu zuten, beste behin. Stanley Aithaka Mburu keniarra izan zen elite mailako irabazlea (31:58) eta Oscar Chelimo ugandarrak denbora bera markatu zuen. Gernika ATko Javier Goitiak (37:01) eta Patrik Saituak (39:39) lehiatu zuten proba. “Eliteko gizonezkoetan, afrikarrak izan dira jaun eta jabe, beste behin ere. Jabi Goitia eta Patrick Saitua Gernikako taldekideek ondo lehiatu dute, batik bat Goitia gazteak”, adierazi dute Gernika ATko arduradunek.
Bestalde, lasterketa herrikoiak 80 korrikalari elkartu zituen, eta horietatik bederatzi izan ziren talde gernikarrekoak. Victor Ramon Peña Martinez kantabriarra izan zen azkarrena, 15 minutu eta 48 segundoko markagaz. “Lasterketa honetan Aitor Uriarte zazpigarren helmugaratu zen eta Iban Gasparrek ere karrera bikaina egin eta hamairugarren sartu zen. Bestalde, infantilen eta jubenilen lasterketetan, nesketan zein mutiletan, gernikarren kamiseta izan da gehien ikusi dena, nabarmen”, azpimarratu dute.
Hain zuzen, lau podiumetan ere sartu zen talde gernikarra. Erik Bilbao hirugarren sailkatu zen 16 urte azpiko kadeteetan, Oier Unamunok zilarra lortu zuen alebinetan eta Jon Zugazaga eta Oier Iza bigarren eta hirugarren geratu ziren, hurrenez hurren, infantiletan.
Bestalde, Mustapha Hejjou muxikarra urteetan Gernika Atletismo Taldean ibilitakoa da, baina, orain Saiatu egokitutako kirol taldearekin dabil eta emaitza ona eskuratu zuen atzo: “Meritu handiko bigarren postua eskuratu du paralinpikoen lasterketan”. Iker Tejido izan zen onena, 6 minutu eta 49 segundoko denboragaz, eta Hejjouk 7 segundora amaitu zuen proba.