Aurrekontua EH Bilduren aldeko botoekin, Guzanen aldeko boto batekin eta abstentzio batekin eta EAJren abstentzioagaz onartu dute. Izartuk, aldiz, kontra bozkatu du. Zehaztu dutenez, joan den urteko aurrekontua baino
%10,3 handiagoa izango da 2019koa, 1,7 milioi euro gehiagokoa, hain zuzen ere.
Idurre Bideguren Bermeoko alkateak azaldu duenez, “Bermeo sozio ekonomikoki indartzea, desoreka sozialei aurre egitea, herritarren bizi kalitatea hobetzea, Bermeoren eraldaketa, herritar guztiak gure kulturaren parte eta jabe izatea eta kudeaketa gardena eta parte-hartzailea” dira aurrekontuak dituen ardatz nagusiak.
Herriko mantenua eta Zarragoitxi, Itxasbegi eta Ondarraburu kaleetako
irisgarritasuna hobetzea dira aurrekontuan lehentasuna duten arloak, alkatearen berbetan. Izan ere, “garbitasuna eta herriaren irudia udalaren helburu garrantzitsuak” direla azaldu du.
Bermeon abenduan egindako osoko bilkura. Argazkia: Bermeoko Udala.
Helburu horiek bermatzeko “
garbitasuna hobetzeko zerbitzuak, lorategi eta gune berdeen irudia hobetzea, auzoen zaintza edota herriguneetan hobekuntzak” egingo dituztela zehaztu du Bidegurenek. Adibidez, Benito Barrueta institutuko ingurua hobetuko dute eta txakurren gune bat eraikitzea aurreikusi dute. Aldi berean,
eraikinen mantenu lanak egingo dituzte. Azaldu duenez, lan horien barnean haurreskolan egingo dituzten inbertsioek lehentasuna edukiko dute.
Garbitasunagaz batera
ingurumenaren zaintzarekiko konpromisoa ere jasotzen du aurrekontuak, eta horretarako edukiontzi berriak jarriko dituzte birziklatze tasak hobetzeko, bosgarren edukiontzia ezartzeagaz batera.
Segurtasuna bermatzea “ezinbestekoa” da udalarentzat. Horrela, Udaltzaingoan kontratazioak aurreikusi dituzte, udaltzaingoaren plangintza estrategikoa abiarazteagaz eta udaltzaingoaren formazioagaz batera.
Ekonomia indartu. Arlo ekonomikoa sustatzeak ere berebiziko garrantzia izango duela nabarmendu du Bidegurenek. Hori egiteko Bermeo Tuna World Capital proiektua bultzatuko dute, eta horrekin batera
merkataritza, enplegua eta turismoa ere bultzatuko dituzte.
“Garapenerako ekimenak martxan jarriko ditugu, eta Bermeoko udal azokaren egoera hobetzen jarraituko dugu:
Alde Zaharreko merkataritza sustatzeko programa landuko dugu eta merkatari, ostalari eta enpresen lehiakortasuna sendotzeko dinamizazioagaz jarraituko dugu”, azpimarratu du alkateak. Gainera, herriko merkatal guneak sustatzeko
aparkaleku birakaria jartzea aztertuko dute.
‘Ortube’ itsasontzia.
Naturan eta kulturan oinarritutako
turismo jasangarria izango da beste ardatzetako bat. Horren harira, Pergolako aparkalekua eta autokarabanentzat ezarriko duten zerbitzu berria landuko dituzte. Ez hori bakarrik, “Gaztelugatxeren esentzia mantentzea” buruan izanik, Bermeogaz loturak eskaintzeko ekimenak aurreikusi dituzte: anezka autobusak Gaztelugatxera, bizikleta elektrikoen zerbitzua, oinezkoen bideak bultzatzea eta eskaintza kulturala lantzea, esate baterako.
Turismoa bultzatzeagaz batera,
herriko ondarea balioan jartzea aurreikusten dute aurrekontuan. Horretarako Ortuberen lagunen taldea sendotu, ondarea balioan jartzeko bideragarritasun proiektua egin eta Ortube itsasontziaren eta Aita Guria baleontziaren itxura hobetuko dituztela nabarmendu du Bidegurenek.
Gainera,
herria eraldatzeko lanak egitea ere aurreikusi dute, era horretara
Bermeo erakargarriagoa bilakatzeko. Zarragoitxin hobekuntza lanak egingo dituzte, Tellaetxe Tar Josuko saihesbideko lotura egiteko lanak amaitu aurretik bidegurutzea aztertuta izatea aurreikusi dute, Ondarraburun irisgarritasuna hobetuko dute eta Bizkaiko Jaurerriko merkataritza gunea erakargarriagoa izateko proiektua burutuko dute.
Alde Zaharraren biziberritzeagaz jarraitzeko asmoa du udalak. Horretarako, besteak beste, orube hutsak berreskuratzen jarraituko dute, eta Tonpoiko gune naturala berreskuratzeko proiektuari jarraipena emango diote.
Bermeo biziberritu. Bestalde, Bidegurenek esan duenez, “herri bizia nahi dugulako”, 2019ko aurrekontuak
herritar guztiak kulturaren parte eta jabe izateko programak lantzen jarraituko du. “Bermeo euskararen arnasgune izaten jarraitzeko lanean jarraituko da, herriko euskal hedabideei zuzendutako diru laguntzak handituko dira, kultur egitarau indartsua izateko ahaleginean jarraituko dugu herriko taldeekin elkarlanean, eta Bekoportale zerbitzua martxan jarriko dugu”.
Kirola ere apustu garrantzitsua da udalarentzat, eta horrela islatzen da aurrekontuan. “Bizi osasuntsu eta aktiboa sustatu nahi dugu eta horregatik kirola apustu garrantzitsua izango da aurten ere guretzat”, zehaztu du Bidegurenek.
Ildo horretan, herriko eskolako jolastokia zabalik mantentzeko hesiak eta argiteria jarriko dituzte eta Hermanoetako frontoiko argiteria konpondu eta barruan egokitzapenak egingo dituzte. Araneko kiroldegiari dagokionez, gimnasioa handitzeko proiektua aztertu eta aireztatzea egokituko dute.
Arane kiroldegia.
Gainera, bizikletak garbitzeko gunea sortu eta igerilekuan hobekuntzak egitea aztertuko dute. Futbol zelaia berriztatzeko lanak ere egingo dituzte, belar artifizialdun zelai berria jarriz, eta argiteria berrituko dute.
Bukatzeko, udalak herritarren aurrean duen
gardentasuna eta bi aldeen arteko komunikazioa hobetzea ere bilatuko dutela azaldu du Bidegurenek. “Kudeaketa eraginkorrago, gardenago eta parte-hartzaileago baten aldeko urratsak” emango dituzte, udalaren webgunea eta abisuen edota kexen kudeaketa hobetuz hori lortzeko. Era berean, udalerri euskaldunen artean erreferentea eta erakunde berritzaileen artean erreferentzia izaten jarraitzeko lan egingo dutela ziurtatu dute.
Beharrizanak asetuz. Bideguren “pozik” agertu da aurrekontua “onartzeko gaitasuna egon delako, izan ere, gainerakoen ekarpenak onartzea erraza izan da udal gobernuak aurreikusitako ekimenak indartzea suposatu duelako”. Onartutako aurrekontu horrek “ilusioa” sortzen duela azaldu du, eta “herritarren beharrizanei erantzuna emango dieten proiektuak martxan jartzea ahalbideratuko du eta etorkizun hobe bat eraikitzen lagunduko du”, nabarmendu du alkateak.
EAJren abstentzioa. Aritz Abaroa EAJko bozeramaileak jeltzaleen erabakiaren berri eman du. Bere berbetan, “erantzukizun osoz” jokatu dute “Bermeok gestiorako tresna hau izan dezan”. Azaldu duenez “EAJtik gauzak erraztu gura ditugu gure herriak aurrekontua edukitzeko eta era berean, Bermeoren etorkizunerako proiektu baten oinarriak ezartzen laguntzeko”.
Adierazi duenez, “azken legealdian Bermeoko udal gobernuak aurrekontu proiektu bi bakarrik atara ditu aurrera”. Hala ere, “Bermeok blokeatuta jarraitzea ez dutela onartuko” azpimarratu du Abaroak: “herriak aurrera egin behar du eta horretarako
aurrekontu proiektu bat behar beharrezkoa da. Hau guztia kontuan izanik dator gure abstentzioa”.