Elkartasuna opari, Harrera elkartearen eskutik
Gabonetan elkartasun zozketa egingo du aurten ere, Harrera elkarteak. Hala, otzara erraldoia osotzeko produktuak batzen hasi dira. Ostalariek eta dendariek borondatez ematen dituzten produktuez ez ezik, herritarrek egiten dituzten ekarpenez ere osatzen dute otzara; bakoitzak gura duena eskaini dezake. Halaber, produktu gehiago lortze aldera, laguntza eta konpromisoa eskatu die herritarrei.
Abenduaren 31an 13:30ean zozkatuko dute otzara Gernika-Lumoko Eriaren gainean dagoen aterpean, eta dagoeneko bertan dute elkartasun otzara ikusgai. Zozketan parte hartzeko txartelak Busturialdeko hainbat txokotan dituztela salgai jakinarazi dute.
“Euskal preso eta iheslariek giza eskubideen kontrako baldintzetan jarraitzen dutelako” erabaki du Harrera elkarteak beste urte batez zozketa egitea. Euren berbetan, “presoak geuretik kanpo daude kartzeletan, etxetik urrun, sakabanatuta eta gaixorik”.
Gainera, kartzeletatik edo atzerritik herrira itzultzen diren herritarrek ere laguntza behar dutelako egingo dute elkartasun keinua: “Datozenek normalizazio eta kohesio soziala ahalik eta arinen lor dezaten burutzen dugu elkartasun zozketa. Izan ere, horretarako sortu genuen Harrera elkartea, preso eta iheslari ohiei asistentzi eta languntza integrala eskaintzeko asmoz”.
Hori horrela, giza eskubideak “urratu” dizkieten herritarrek duten “laguntza beharrizanaz” ohartuta, eurenganako elkartasuna agertu gura diete Harrera elkarteko kideek, eta Busturialdeko herritarrak animatu dituzte txartelak erostera.