843,5 puntu eskuratu ditu muxikarrak, eta bera da Bizkaiko Bertsolari Txapelketa irabaztea lortu duen
lehen emakumea.
Emozionaturik eta txalo zaparrada erraldoiagaz jaso du txapela Enbeitak. Bere osaba
Jon Enbeitak jantzi dio txapela, eta azken agurrean aitona Balentin izan du gogoan: “Balentin zu izan zinen gurean lehen txapelduna/ gero etorri zan osaben ta lehengusuen eguna/orain etxeko txikia, bihotza ostu eutsuna/makila eskuan dago, erdi negarrez tuntuna/hamasei urtetik plazan, gaur lora bihar asuna/zuen altzoan egin naz ni neska bat ahalduna/sentiduarazi nozue hain etxekoa, kuttuna/plazaz plaza bueltau nahi dot jaso dodan maitasuna”.
Enbeitagaz batera,
Etxahun Lekue igaro da Bizkaiko Bertsolari Txapelketako buruz burukora. “Zorotzat hartu zaitue danek, baina bardin deutsu” gaia hartuta aritu dira bi bertsolariak.
Onintza Enbeita, finalean. Argazkia: Bertsozale
Muxikarrak modu ederrean eman dio erantzuna gaiari: “Galdera danen erantzuna da/ sarritan geure barrena/ Baina nik nori eskatu behar/ deutsat ba orain baimena?/ Neure barrutik atera nahi dot/ behinola izan nintzena”.
Beste zazpi bertsolariren artean gailendu da Enbeita: Aitor Bizkarra, Eneko Abasolo, Etxahun Lekue, Jone Uria, Miren Amuriza, Nerea Ibarzabal eta Xabat Galletebeitia aritu dira Bilbao Arenan. Eserlekuak bertsozalez bete dira,
4.350 ikusle hurbildu baitira finalera. Final guztiek dute zerbait berezia, momentu ahaztezinez betekoak batzen dira, eta gaurkoan ere asko izan dira halakoak. Esaterako, amaieran, zortzi finalistek besarkadagaz borobildu dute 2018ko Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren finala.
SAILKAPENA:
- Onintza Enbeita Maguregi 843,5 puntu
- Etxahun Lekue Etxebaria 814,5 puntu
- Xabat Galletebeitia Abaroa 503 puntu
- Jone Uria Albizuri 489 puntu
- Nerea Ibarzabal Salegi 489 puntu
- Miren Amuriza Plaza 486,5 puntu
- Eneko Abasolo Txabarri ‘Abarkas’ 463,5 puntu
- Aitor Bizkarra Ruiz 461,5 puntu