Egunotan erabakiko dira Mutrikuko pala txapelketaren finalistak
Oso gutxi falta da Mutrikuko pala txapelketa amaitzeko, eta Danok Bat Pelotazale Elkarteko kideek finalerdiak jokatuko dituzten bikoteen izenak jakitera eman dituzte. Agertu dutenez, 1. mailako eta 2. mailako finalerdiak bihar, domekan eta astelehenean...
Zapatuan, bi finalerdi ikusteko aukera egongo da 10:00etatik aurrera, Miruaitzen. 1. mailan Soraluzeko Gallastegiren eta Iurgiren aurka jokatuko dute Odei eta Karim tolosarrek. 2. mailan, Soraluzeko Santamariaren eta Herizen aurka neurtuko dituzte indarrak Manzi eta Hodei mutrikuarrek.
Domekan, 10:00etan, 2. mailako azken finalerdia jokatuko dute Lander eta Elordi lekeitiarren aurka Gurrutxaga eta Arrieta elgoibartarrek. 1. mailako azken finalerdia astelehenean 20:00etan jokatuko dute. Julen eta Iñaki ermutarren aurka ariko dira Kepa eta Gorka elgoibartarrak.
Barinagako txapelketa
Barinagako frontoi txikiko V. Buruz Buruko Pala Txapelketa antolatu du aurten ere Barinagako Jai Batzordeak. Parte hartzaileak abenduaren 17an hasiko dira lehen palakadak ematen, eta finala urtarrilaren 18an jokatuko dute.
Parte hartu nahi dutenek bihar arte daukate izena emateko aukera Baskaran estankoan, 10 euro ordainduta. Jokatzeko ordutegi aldetik erraztasunak egoten direla azpimarratu dute antolatzaileek, parte hartzera animatuz.