Kanpainari hasiera emateko, datorren astetik aurrera herriko
etxe guztietan eskuorriak banatuko dituela jakinarazi du udalak.
Bermeoko Udala herriko Udaltzaingoagaz, Berualagaz eta Herri Babesagaz ari da elkarlanean
suteak saihestu eta horiei aurre egiteko plangintza bat lantzeko. Plangintza horren pauso berria aurkeztu berri duten kanpaina izango dela argitu dute.
Kanpainaren berri emateko Benito Ibarrolaza Bermeoko alkateorde eta Zerbitzuetako zinegotzia, Santi Murua Berualako zuzendaria, Eugenio Alboniga Udaltzaingoaren burua, Jon Ojanguren Herri Babeseko koordinatzaile nagusia, Patxi Berreteaga eta Isusko Mendizabal Bizkaiko Foru Aldundiaren Prebentzio, Su itzaltze eta Salbamendu zerbitzuaren ordezkariak, Beni Barrena Seguros Bilbao-ko ordezkaria eta Jokin Zubieta Vost Euskadi elkarteko ordezkaria bildu dira.
Aurkezpenean azaldu dutenez udalak, Seguros Bilbao eta Bizkaiko suhiltzaileen laguntzagaz egindako
8.000 eskuorri baino gehiago banatuko ditu bermeotarren artean. Eskuorrietan sua saihesteko eta etxeko suteei aurrea hartzeko aholkuak edota sua denean deitu beharreko telefono zenbakiak azaltzen dira. Horrez gain sute baten aurrean etxe edota eraikinen egoera nolakoa den ezagutzeko
galdetegia ere banatuko dute.
Galdetegiaren helburua herritarrarengan eta komunitateetan
hausnarketa bat sortaraztea da, sute batean aurrean euren eraikin zein etxebizitzek dituzten hutsuneez ohartarazteko, eta modu horretara
neurriak eta konponbideak hartzeko. “Galdetegi horiek betetzea oso garrantzitsua” dela azpimarratu du alkateordeak, eta herritar guztiak eskuorria irakurtzera animatu ditu.
Kanpainaren arduradunak, gaur egindako aurkezpenean.
Eskuorriekin batera, kanpaina sareetatik ere zabalduko dutela azaldu du Ibarrolazak. Izan ere,
udalaren webgunean eta sare sozialetan horren berri emango dute,
#SuterikEz traolagaz. Vost Euskadi elkarteak, bere aldetik, sare sozialen bidez ere Bermeoko kanpaina zabalduko duela adierazi du Zubietak, “ahalik eta hedapen handiena emateko”.
143 sute. Ibarrolazak kanpainak duen garrantzia nabarmendu du. Gogoratu duenez, 2010. urtetik gaur arte, Bermeoko alde zaharrean 44 sute izan dira, eta 99 beste gune batzuetan, 143 guztira. Horregatik, kanpaina hori “ezinbestekoa” dela azpimarratu du herritarrek suteak nola saihestu jakin dezaten eta, sutea gertatzeko kasuan, nola jokatu behar duten jakiteko. Ildo horretan, alkateordeak eskerrak eman dizkie suhiltzaileei eta Herri Babeseko kideei herriari laguntzeko egiten duten lanagatik.
Muruak azaldu duenez, “Bermeon suteak sortu izan diren bakoitzean horrek dakarren ondorio guztiei aurre egiten laguntzeko prest egon gara eta egongo gara”. Kanpainagaz,
“suteak murriztea” lortu nahi dute, eta horrela “suteak eragiten dituen ondorio larri guztiak saihestea”.
Kanpaina posible egiteko, parte hartu duten
eragile guztien arteko elkarlana eta ekarpenak “oso garrantzitsuak” izan direla nabarmendu du Berualako zuzendariak. Gainera, prestatutakoa Bermeora soilik mugatu beharrean
beste herri batzuetarako eredu bilakatzea nahi dute, “suteak saihesteko eta bizitzak salbatzeko” xedea izanik buruan.
Elkarlanean. Suteak saihesteko kanpainagaz batera, Bermeoko Udala Bizkaiko suhiltzaileekin egiten ari den elkarlana aipatu dute. Ibarrolazak eta Berreteagak azaldu dutenez, elkarlan horrekin
“suteen aurrean erantzuna hobetu” nahi dute, eta alde zaharrean sute bat dagoenean “protokoloa hobetu” ere. Modu horretara
suhiltzaileen erantzuna eta lana bizkortzea bilatzen dute.
Jakitera eman dutenez, udalak suhiltzaileekin
“hainbat bilera” egin ditu dagoeneko. Esate baterako, suhiltzaileen eskaladun kamioiak Bermeoko hainbat toki bisitatu zituen, irisgarritasuna hobetu eta gune beltzak ezabatzeko. Ibarrolazak adierazi duenez, alde zaharreko hiri altzari batzuk kendu dituzte eta gainerako oztopoei aurre egiteko irtenbideak aztertzen ari dira. Bestalde,
elkarrekin “hitzarmen bat lantzen” ari direla aurreratu dute.
Gainera,
Herri Babesa indartu nahi dute. Taldea Bermeon sute bat sortzen denean “ezinbestekoa” dela diote, eta suteei aurre egiteko baliabideak eta laguntzak eman nahi dizkiete.
Suteei aurre egiteko “guztion arteko elkarlanaren garrantzia” goraipatu du Ibarrolazak. “Erakunde, elkarte, enpresa zein herritarrena, guztion inplikazioa beharrezkoa da segurtasuna bermatzeko”.