Sindikatuak salatu duenez, Bizkaiko Metalgintzako Mahai negoziatzailean FVEM Bizkaiko metaleko patronalak ez du sektoreko langileen “lan baldintzak duintzeko gogorik agertu”. LABen arabera, Bizkaiko metaleko hitzarmena blokeatuta dago gaur egun.
Egoera hori salatzeko, LABek kontzentrazioa egin du gaur goizean Bermeoko Wartsila enpresaren aurrean. Kontzentrazioagaz batera, sindikatuko kideek euren eskaerak jasotzen dituen
eskutitza eman diote Wartsila enpresako zuzendaritza batzordeari.
LAB sindikatuko kideak, Bermeoko Wartsila enpresaren aurrean.
LABen ustez industria orokorraren arloan “mozkinak eta ekoizpenak handitu” diren garaian
aitzakiak amaitu egin behar dira. “Horregatik aldarrikatzen dugu hitzarmenak sektoreko langileak jasaten ari diren
arazo nagusiei aurre egin behar diela”
Eskaerak. Sindikatuak egindako eskaeren artean, sektoreko langileen soldatak eguneratzea, behin-behineko kontratuak murriztea, ABLE (Aldi Baterako Laneko Enpresak) bidez egindako kontratazioak ezabatzea, azpikontratetako beharginen subrogazioa, emakume gehiago kontratatzea eta soldata arrakalak txikitzeko neurriak sustatzea, egungo baldintzak ez okertzea eta lan erreformaren aurkako neurriak hartzea daude.
FVEM aipatutako
proposamen horietatik oso urrun dagoela diote sindikatukoek. Patronalagaz zuten negoziazio mahaitik arrazoi horregatik irten direla azaldu dute: “Hitzarmen duina lortzeko, LABek
antolamendua, mobilizazioa eta borroka bultzatuko ditu”.
Halere, sindikatuak proposatutako baldintzen inguruan negoziatzeko aukerarik izanez gero,
negoziazio mahaira itzuliko liratekela adierazi dute, “bide horretatik aurrerapen mamitsuak jasotzeko aukerak sortu ahalko ziren eta”. Baina patronalak baldintza horiek negoziatzeko jarrerarik hartzen ez badu, “borrokaren bultzadaz” jarrera hori hartu beharko lukeela diote.