Zehazki,
udaletxeko eta herriko eskoletako eraikinetan egin dituzte berokuntza sistema eraberritzeko lanak. Mundakako Udalak
59.994 euroko inbertsioa egin du lanak burutzeko.
Egindako lanekin herritarren “erosotasuna eta segurtasuna” hobetu dute, eta aldi berean, “ingurumenarekiko erantzukizuna” kontuan hartuko dutela adierazi dute. Era horretara, bero sorgailua aldatu, berogailuen galdara gela berriztatu eta gas naturala hartzeko instalazioa ezarri dutela jakinarazi dute.
Eraginkortasun energetikoa. Orain arte eraikinean ur-beroko berogailuak erabiltzen izan dituzte, burdinurtuko erradiadoreekin eta txapazko panelekin. Gas naturaleko galdara berriek “eraginkortasun energetiko handia” lortzen dutela argitu dute udaleko arduradunek, baita “erosotasun maila handia” ere, galdaren kondentsazio teknologiari esker.
Funtzionamendua “guztiz eraginkorra” dela azaldu dute; izan ere, konbustio errendimendua %99tik gorakoa da eta NOx eta CO2ko emisio baxuak eragiten ditu.

Mundakako udaletxea.
Gainera, galdara berriak gas naturala modulu eran erretzeko diseinatuta daudela zehaztu dute, “
18,2 eta 99 kw tartean, eskaeraren arabera”. Neurri hori hartuta,
“aurrezpen energetikoa eta ekonomikoa” lortzen dela ziurtatu dute udaletik. Ahalik eta funtzionaltasunik egokiena lortzeko, instalazioan bereiztutako hiru zirkuitu daudela nabarmendu dute, eraikin bakoitzeko bat: udaletxea, eskolak eta haurreskola.
Aitor Egurrola Mundakako alkatearen berbetan, “udalaren lehentasuna gure herritarrei zerbitzu hobeagoak, eraginkorragoak eta seguruagoak eskaini eta ingurumenarekiko arduratsuak izatea da. Udalak argi dauka, energetikoki eraginkorrak izan gura dugula eta era honetako neurriekin lortuko dugu”.
Gas kutsakorrak murrizteagaz batera
“ingurumen aztarna gutxitu” egingo dutela azaldu du, eta “ekologikoki zein ekonomikoki aurreztu” egingo dutela. “Inbertsio honekin udalak gasolioa gas naturalagatik aldatzearen alde egiten du, herriko udal eraikinetan erosotasun termikoa bermatzeko. Aldaketa honek aurrezpen ekonomikoa ere ekarriko du, berokuntzarako gasolioa ez delako erabiltzen”, nabarmendu du Egurrolak.