Arrakastatsua izan da argazki zaharren erakusketa
Lekeitioko Aittitta Txiki kultur elkarteak antolatutako herriko argazki zaharren erakusketak egunez egun Barandiaran aretoa herritarrez bete du. Ikusleak, gainera, adin guztietako herritarrak izan dira: ume, gazte zein nagusiak. Elkarteak balorazio pos...
Guztira, herritarrek utzitako 160 argazki iguru jaso ditu elkarteak aurten. «Argazkiak jasotzea izaten da zailena. Jende askok ere ez ditu argazkiak ekartzen. Alde horretatik herritarrei datozen urteetan argazkiak ekartzeko deia egiten diegu». Erakusketak urteak atzera herriak zeukan itxura erakutsi du.
Abenduaren 1ean zabaldu zuten erakusketa zapatuan zarratu zuten. Argazki zaharren aurrean jarrita, nagusiek txikienei azalpenak ematen zizkieten. Eta azken horiek harriduraz begiratzen zituzten zuri-beltzezko argazkiak.
Aittita Makurra
Sokamuturra, garai bateko sardinerak, Aittitta Makurra osorik zegoeneko irudiak… egon dira ikusgai. «Gustatuko litzaiguke agintariei esatea Isuntza hondartzan dagoen Aittitta Makurraren apurtutako zatia bilatu egin beharko litzatekeela. Azken finean, Aittitta Makurra herriko ondare bat da». Izan ere, urteak atzera, norbaitek puntako zatia kendu zion harri mirestuari. «Hor nonbait egongo da punta».
Erakusketako ateak itxita, elkarteak San Tomas azokan egingo du hurrengo ekintza, eta horren ostean, datorren urteko plangintzari ekingo diotela aurreratu dute. «Datorren urtean urteroko ekintzak egiteko gogotsu gaude: Iparraldeko Haizeak, bakailao txapelketa, sanantolinetako ekintzak… Guk gureari eutsiko diogu».
Dena dela, elkarteko ateak edozeinentzako zabalik daudela gogorarazi dute. «Ekintzetan parte hartuko dutenak ere antolakuntzan parte hartzera gonbidatzen ditugu».