EH Bilduk Busturialdeko Ur Partzuergoaren bideragarritasuna berretsi du
2019ko aurrekontuan inbertsioetara bideratutako kopurua iazkoa baino %13 gehiago da
Ur partzuergoak duen erronka nagusiena agorte sasoian izaten duen ur eskasia da. Hala ere, arazoak badaukala konponbidea eta hori aspalditik “definituta” dagoela gogorarazi du EH BildukBusturialdeko Ur Partzuergoko ordezkariek azaldu dutenez, 2019. urteko inbertsio gehienak hornikuntza eta saneamentuetako instalazioak “berrizteko eta eguneratzeko proiektuak garatzeko” erabiliko dituzte. Jeltzaleek obra martxan jarri beharrean Busturialdeko Ur Partzuergoa Bilbao Bizkaian integratzeko planteamendua mahaigaineratu zutela uda inguruan salatu du koalizio abertzaleak. Gainera, eguaztenean egindako kontseiluan integrazioari buruzko informaziorik jaso ez zutela ere adierazi zuten EH Bilduko ordezkariek: “Kontseiluan BUP Bilbao Bizkaian integratzeko emandako pausoen berri eman ez bazuten ere, Bilbao Bizkaiaren aldeko publizitatea egiten dabiltza. Besteak beste, BUPren fakturekin batera bidaltzen dituzten eskuorrien bitartez egiten dute hori, zeintzuetan publizitate faltsua emanten den; prezioa merkeagoa izango dela esaten dute-eta”. Horregatik, jeltzaleak “kosta ala kosta” eta administrazio prozedurak “saltatuaz” uraren kudeaketa Bilboko metropolian kontzentratzeko pausoak ematen hasi direla kritikatu dute EH Bilduko ordezkariek: “Guretik gero eta urrunago dagoen erakunde batera pasatu nahi dute kudeaketa, udala eta eskualde eskalatik oso urrun dagoen egitura batera”. Gainera, Bilbao Bizkaian erabakiak “ordezkaritza gutxi” dituzten organoek hartzen dituztela, eta langileen %60 azpikontratatuta dela adierazi dute. Nabarnizko Udalaren eskaria. 2016. urtean Nabarnizko Udalak Busturialdeko Ur Partzuergoan sartzeko eskaera ofiziala egin zuen, baina, ez dute oraindik erantzunik jaso; berriki, gainera, gutun bat bidali dute erantzun eske. Eguaztenean ospatutako osoko bilkuran, Bermeoko udal ordezkariek gai ordenan Nabarnizko Udalak egindako eskaria sartzeko proposamena egin zuten, baina, gehiegoak ezetza bozkatu zuen. Hau da, EAJko udal ordezkariek, Aldundiko ordezkariak eta BUPeko presidentea den Iñaki Gorroñok gaia ez tratatzeko bozkatu zuten kontseilu orokorrean. Ezetza justifikatzeko, Juan Felix Naberanek esan zuen Busturialdea Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoarekin hitz egiten egoteak ez zeukala zerikusirik Nabarniz BUPen integratzearekin. Hala ere, EH Bilduk ez du ulertzen zergaitik Nabarnizko Udalak bi urte luzetan ez duen erantzunik jaso. Ezta “bertokoa” den estruktura eta ura eskualdetik kanpo eramatearen arrazoia zein den ere.