Ispastertik Bartzelonara, pintzelkadaz pintzelkada
Bere txokotik atera eta Europako hiri garrantzitsuenetako batean erakutsi ditu bere lanak Eneko Arruza Iglesias artista ispastertarrak: Bartzelonako Ranbla Katalunia kale ezaguneko etxe batean egon da ikusgai erakusketa.La casa por el tejado arkitektur...
Bere txokotik atera eta Europako hiri garrantzitsuenetako batean erakutsi ditu bere lanak Eneko Arruza Iglesias artista ispastertarrak: Bartzelonako Ranbla Katalunia kale ezaguneko etxe batean egon da ikusgai erakusketa.
La casa por el tejado arkitektura enpresak egin zion proposamena Eneko Arruzari. Aukera polita zela erabaki, eta lanari ekin zion.Kataluniako enpresa horrek hirietako arkitektura berregiten lan egiten du, dauden elementuetatik abiatuta, autore etxeak egiten ditu, teilatuetan moduluak jarrita. Haien promozio baterako lan egin du Arruzak. «Etxe huts bat eskaini zidaten, eta nire erakusketa bertan egin behar nuela esan zidaten. Aukera polita iruditu zitzaidan ». Bartzelonako Ranbla Katalunia kale ezaguneko etxe batean antolatu zuten era batera edo bestera bere bizitzaren, trazuaren eta izaeraren parte diren emakume guztiei eskainitako erakusketa.
Baina proposamenari baiezkoa eman orduko ekin behar izan zion Arruzak lanari. Zeregin ugari zituen artegile ispastertarrak artelan guztiak sortu aurretik. Erakusketa prestatzen hilabete eta hiru aste eman ditu, ia bere egunerokotasuna bakar-bakarrik horretara bideratuta. «Zapatuak, domekak eta jai egunak. Ez dut eduki gelditzeko aukerarik. Bataz besteko bat esatekotan, egunean 10 bat ordu egon naiz lanean. Baina egon da egunik dezente ordu gehiago egon naizena ere. Inoiz goizaldeko ordu txikiek ere eman didate nire artelanen aurrean».
44 artelan
Azkenerako, 44 piezaz osatutako obragaz joan zen Kataluniako hiriburura. «Uste dut lan polita egin dudala, eta egin dudan esfortzu handiak merezi izan duela». Lan askotan kaleetako joan-etorriak erakusten ditu, herritarrak egunerokotasunean kalean. Paisaia urbanoak dira.
Gaineratu du erakusketak bi inaugurazio ekitaldi eduki zituela: lehenengoa azaroaren 28an izan zen; «ateak itxitako inaugurazio bat» izan zen, inbertsore pribatuentzat. Bigarren inaugurazioa, ostera, biharamunean egin zen, publiko guztiarentzat orduko hura. Arruzak esan du egin dituen lanek oso harrera ona eduki dutela, eta horren adibidea dela eramandako 44 artelanetatik 14 saldu izana. «Asko gustatu da erakusketa, eta atsegina da jendearen harrera ona ikustea, egindako lanak merezi izan duela erakusten du».
Gaineratu du beti egoten direla bost edo sei lan gehien gustatzen direnak, eta horrek beste ate batzuk zabaltzeko aukera ematen duela. Horrela, enkargu batzuk ere martxan jartzekotan daudela esan du, eta azken batean hainbeste lan egiteak jendea horrekin geratzeko aukera ematen duela.
Bartzelonako egonaldiaren balorazio oso positiboa egin du Arruzak. Saldutako artelanez gain, hartutako esperientziak eta egindako gainerako lanek ere biltegia beteta edukitzeko aukera eman diote artistari.