Euskararen Nazioarteko Eguna berezia izan da aurten. Lehenengoz egin den, eta ohiturak aldatzea eta euskara sustatzea helburu izan dituen 11 eguneko ekimena amaitu baitzen Euskararen Egunean.
Euskararen aldeko aldarrikapen ozena egin zuten atzo zein asteburuan Busturialdeko hainbat herritan.
Bermeon eta Gernika-Lumon atzo iluntzean egin zituzten Euskaraldiaren amaiera ekitaldiak. Iluntzeko ekitaldiaren aurretik, gernikarrek Berbalagunen hitzordua eduki zuten. 11 orduko irakurraldian Uxue Alberdiren
Jenisjoplin liburua irakurri zuten herriko ikastetxe, elkarte eta komunikabideetako ordezkariek. Iluntzeko ekitaldia hasteko Maialen Arzallusek egindako Euskaraldiari buruzko testua irakurri zuten Belarriprest eta Ahobizi banak. Ondoren, Foru plazan agurtu zuten Euskaraldia, Segundo Olaeta Musika Eskolakoen doinu artean. Bermeotarrek Kabidxen egin zuten urte osoko ibilbidearen errepasoa. Aurretik, Jakoba Errekondoren berbaldia izan zuten Kasioan, Euskeraz berbetan taldeak antolatuta.
Bariku iluntzean Gernika-Lumon
Bai Euskarari Ziurtagiriak banatu zituzten Astran. Zapatu eguerdian, berriz, Merkatu plazan jendetza batu zen, euskal kanta herrikoiak abesteko. SOMEko ume eta gurasoak eta Kantaguneko kideek musikatu zuten plaza. Domeka arratsaldean,
Euskera Olgetan Errotu kanpainaren amaierako jaia ospatu zuten Jai Alai frontoian.
Domeka eguerdian, ostera, Lameran bildu ziren bermeotarrak. 1
5 urte dantzan ikuskizuna eta Xaiborren musika izan zituzten lagun. Eleizalde Ikastolak antolatutako ekitaldi horretan, ikasleak oholtzara igo eta kanta eta bertso artean ondo pasatu zuten.
Ajangizen, Busturian, Muxikan eta Errigoitin domekan batu ziren herritarrak. Ajangizen Ajangiz 365 egun euskaraz leloa margotu zuten elizako horman, eta euskaraldiari bukaera emateko argazki erraldoia atera zuten. Trikitilariak izan ziren goiza girotzeko ardura hartu zutenak.
Busturiako atletismo taldekoek
korrika txiki egin zuten, ume eta nagusi batu ziren arineketan egiteko. Gero, Irrintzi Alaikoen ikurrin dantzagaz eta eskolako ume batzuen bertsoagaz girotu zuten ekitaldia. Maialen Arzallusek egindako Euskaraldiari buruzko irakurketa ere irakurri, eta talde argazkia atera zuten. Halaber, Errigorako produktuak eta Bizkaiko bertsolari finalerako bi sarreran zozketatu zituzten, eta salda banatu zuten.
Muxikan, berriz, Zubieta Errota aurrean elkartu ziren herritarrak. Goizean Gabonetako postal lehiaketarako marrazkiak egiten aritu ziren umeak, eta eguerdian talde argazkia atera zuten. Horrez gain, taloa eta txorizoa dastatu zituzten. Bestalde, errigoitiarrak Ikuilu Elkartean batu ziren eguerdian, Adolfo Arejitagaz solasaldian. Besteak beste, antzinako esaera zaharrak eta berben inguruan aritu ziren.
Arratzun zapatuan, herriko ondareari buruzko aurkezpena egin zuten, eta domekan, berriz, txokor batze txapelketa burutu zuten.
Gaur, umorezko bakarrizketak egongo dira liburutegian.
Forutarrek ere Euskararen Egunaren biharamunean dute hitzordua. Gaur Rosa Martinezek
txotxongilo ikuskizuna eskainiko du J.M Torrealdai Kultur Etxean, 17:30etik aurrera. Jarraian, Gabonetako postal eta olerkie lehiaketaren sariak banatuko dituzte
Ibarrangelun, domekan, Euskararen Eguneko mezuaren irakurtaldia egin zuten. Ostean, lorea dantza taldeko kideek euskal dantzak dantzatu zituzten.
Nabarnizen, berriz, ludotekan batu ziren herritarrak zapatuan; bertan, gabon postalak landu zituzten. Domekan, Eneritz Artetxeren ipun kontaketagaz gozatu zuten txikienek, eta gaztaina janean elkartu ziren nagusiagoak.