Markina-Xemeinera dakarte 'Gogoan hartzeko izenak' erakusketa
Abenduaren 5etik 22ra egongo da ikusgai herriko hiru tokitan. Joseba Zabalza argazkilariak «estatuaren errepresioaren biktimen» bizipenak bistaratzen ditu argazki eta kontakizunen bidezEuskal Memoria Fundazioaren eskutik, Gogoan hartzeko izenak eraku...
Abenduaren 5etik 22ra egongo da ikusgai herriko hiru tokitan. Joseba Zabalza argazkilariak «estatuaren errepresioaren biktimen» bizipenak bistaratzen ditu argazki eta kontakizunen bidez
Euskal Memoria Fundazioaren eskutik, Gogoan hartzeko izenak erakusketa zabalduko du Markina-Xemeingo Udalak, Ahaztuen Oroimena elkartearen laguntzagaz, abenduaren 5etik 22ra bitartean. Herriko hiru kokapen desberdin aukeratu dituzte erakusketarako: Uhagon kulturgunea, udaletxeko sarrera eta kartzela zaharra. 60 panel egongo dira ikusgai hiru gune horietan banatuta. Eguaztenean 19:00etan izango da inaugurazioa Uhagonen, eta bisita gidatu baten bidez, Joseba Zabalza egileak berak egingo du aurkezpena.Euskal Memoria Fundazioak iaz kaleratutako Gogoan hartzeko izenak lanak «errepresio polizialak eta estatu terrorismoak gatazka politikoko azken 50 urteetan Euskal Herrian eragindako ondorioak» jorratzen dituela azaldu dute. Gertakari horien biktima izan diren ehundik gora pertsonen historiak bildu ditu Joseba Zabalza egileak argazki eta kontakizunen bidez. Izen eta historia horiek guztiak ezagutzera ematea du helburu argazki liburuak.
Markina-Xemeinen ikusgai egongo den erakusketa ere, liburu horretan dago oinarrituta. Beraz, Zabalzaren argazki eta testuek eta familien gaur eguneko argazkiek osatzen duten gertakari haien narrazioa egongo da ikusgai hiru aretoetan. Inaugurazio egunean, gainera, Uhagonen geratuko diren panelak eta kartzela zaharrera eramango dituztenak batuko dituzte kulturgunean, eta guztiei buruzko argibideak emango ditu egileak.
Beste egunetan, Uhagon kulturguneko panelak eta udaletxeko sarrerakoak dagozkien ordutegian ikusi ahalko dira; kartzela zaharrekoak, berriz, asteburuetan: abenduaren 8an eta 15ean, 12:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 20:00etara, eta abenduaren 9an eta 16an, 12:00etatik 14:00etara.
Bestalde, gaiari lotuta, bigarren hitzaldi bat ere egongo da abenduaren 14an, Uhagon kulturgunean. Ahaztuen Oroimena elkarteak Frankismoaren Atzaparkadak izeneko hitzaldia antolatu du, Xemeingo bidean eta Zelaian egondako tiroketak ikertu ditu elkarteak, eta ezagutzera emango dituztela aurreratu dute.