Udalak Pergolan aparkalekua egitea adostu du aldundiagaz
Gaztelugatxera doazen ibilgailuentzat egokituko dute. Turismoaren garapen iraunkorrari lagundu eta turismo aktiboa sustatuko dutela dio Bermeoko alkateakBizkaiko Foru Aldundiak eta Bermeoko Udalak hitzarmen bat adostu dute Gaztelugatxera doazen ibilgai...
Gaztelugatxera doazen ibilgailuentzat egokituko dute. Turismoaren garapen iraunkorrari lagundu eta turismo aktiboa sustatuko dutela dio Bermeoko alkateak
Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bermeoko Udalak hitzarmen bat adostu dute Gaztelugatxera doazen ibilgailu partikularrentzako Pergolan aparkalekua egokitzeko. 625.000 euroko inbertsioa egingo dute aldundiak 515.000 euro eta udalak 110.000 euro.Bermeora joatea erosoagoa izatea nahi dute, eta Gaztelugatxera iristea erraztu, bai eta herriaren erakargarritasun turistikoa sustatu ere.
Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusiaren esanetan, jarduketa horrek aldundiak Bermeon eta Bizkai osoan turismo iraunkorraren eta kalitatezkoaren alde egindako apustua indartzeko balioko du. «Bisitariak Bermeora iristea erraztu eta ibilgailu pribatuentzako aparkaleku bat ipiniko dugu. Horrela, bisitari gehienak garraio publikoa erabiltzen saiatuko dira, eta, Bermeoko merkataritza jardueraren potentziala sendotzeaz gain, ingurunea eta ingurumena zaindu eta babesten lagunduko du-gu. Erakundeen indarrak batzen direnean, herritarra da onuradun nagusia».
Idurre Bideguren Bermeoko alkateak esan duenez, aparkaleku berria Bermeoko Udalaren proiektu bat da, eta Gaztelugatxeko San Juanen plan integralean aurkeztutako 50 alegazioetako batean dago jasota.
Ingurumena babestuz
Alkatearen berbetan, «Gaztelugatxera doazen bisitarien %64 Bermeotik iristen dira», eta udalaren helburua ehuneko hori handitzea da, «Bermeoren eta Gaztelugatxeren arteko lotura indartuz, ingurunean masifikazioak saihestuz eta ingurumena eta nortasuna babestuz. Aparkaleku horregaz turismoaren garapen iraunkorrari lagundu eta turismo aktiboa sustatzen dugu».
Aparkalekua Bermeo iraunkorra, atsegingarria eta osasungarria mugikortasun proiektua garatzeko egokia izango dela uste dute. Proiektuak oinezkoei eta bizikletei ematen die lehentasuna herriko arteria nagusietan.
Hitzarmena positibotzat jo eta halako gehiago egitea espero du alkateak, «herritarren onerako direlako eta Gaztelugatxek ematen dituen aukerak hobetzen dituelako».