Gernika Atletismo Taldeak antolatuta, hirugarren urtez egin dute topaketa Santanape Kiroldegian.
Bizkaiko hainbat herritako 200 ume eta gaztetxo elkartu ziren,
zapatuan. Gernika ATko arduradunen berbetan, urtez urte parte hartzea handitu da: “Bertoko zein inguruetako jende gehiago etorri da. Aurten Bermeoko, Busturiako, Lekeitioko, Markina-Xemeingo, Zornotzako, Galdakaoko eta Getxoko taldeetako atletak batu dira”.
Lehia alde batera utzita, jolasen bidez atletismoaz gozatzea da topaketaren helburua. Hala,
benjamin eta alebin mailetako neska-mutilek atletismoko zenbait modalitate landu zituzten zapatuan.
Argazkia: Gernika Atletismo Taldea.
Abiadura, hesietako lasterketa, luzera jauzia, vortez eta errelebokako lasterketa probak egin zituzten. Errelebokako lasterketa berezia egin zuten: “Originala eta dibertigarria izan zen. Txokor batzeko lehiaketetan bezala, txokorren ordez koltxonetekin jolastu zuten. Koltxoneta gainera jaurti, laprast egin eta ahalik eta urrutienen eraman behar zuten, taldekideari txanda emanez. Koltxoneta helmugara lehenbizi eramaten zuen taldea izan zen garailea”.
Udalerriko atletismo taldeko ordezkariek azpimarratu dutenez, parte hartzaileek zein harmailetan zeuden gurasoek asko gozatu zuten.
Argazkia: Gernika Atletismo Taldea.