Emakumeenganako Indarkeriaren Kontra Eguna da gaur. Bermeon ekitaldi bateratua egin dute herriko sare feministak, ikastetxeek eta udalak. Taraskan bilduta, bermeotarrek indarkeria matxistaren kontra daudela berretsi dute.
Txalaparta doinuekin hasi dute ekitaldia, eta jarraian, udalerriko ikastetxeetako ikasleek adierazpenak irakurri eta bertsoak abestu dituzte. Amaia Artetxe kazetari bermeotarrak gaurko egunerako prestatu duen gogoeta irakurri du, eta sare feministak performance bat egin du.
Indarkeria sexistaren kontrako egunean, emakumeen jasaten dituzten indarkeria mota guztiak ozen salatzen dituztela alkarrikatu dute, “halakorik gerta ez dadin lan egiteko konpromisoa hartuz”. Elkartasunean eta errespetuan oinarritzen diren harremanak bultzatu, eta elkarrizketan eta laguntasunean oinarritutako eredu eta mezuak erabiliko dituztela zehaztu dute.
“Komunikabideetan, historia liburuetan… gizonezkoen historia baino ez da erakusten. Emakumeok ikusezin bihurtuz, eta gutxietziz. Emakumeok pairatzen dugun isileko indarkeria mota hau salatu nahi dugu. Bada garaia betaurreko moreak jarri, eta emakumeen memoria historikoa errekuperatzeko. Ezkutuan mantendu dena azaleratzeko”, adierazi dute ikasleek.
Idurre Bideguren Bermeoko alkateak gaurko ekitaldian parte hartu dutenei eta bertan bildutako herritarrei eskerrak eman, eta udalaren izenean, adierazpen instituzionala irakurri du. Indarkeria matxistatik libre egongo den herri bat eraikitzeko konpromisoa dutela esan du. “Andrazkoek jasaten duten indarkeriari aurre egiteko ezinbestekoa da bizitzaren esparru guztietan berdintasunezko harremanak bizitzea, eta parekidetasuna beharrezkoa dela ikustea”.
Alkateak herriko datuak azaldu ditu. Aurten, Bermeoko Gizarte Ongizate Patronatutik hamasei emakume artatu dituzte. 21-50 urte bitarteko emakumeak dira; “eraren bateko erasoa sentitu duten emakumeak”. 2003tik hona, Euskal Herrian, indarkeria matxistak 98 emakume eta 11 ume hil dituela gogora ekari du. “Zifra gogorrak. Benetako drama. Azken 20 urteotan, gure gizartean dagoen drama handiena dela esango nuke. Emakumeok, emakume jaio garelako, gizarte matxista honetan ez daukagu libre bizitzeko aukerarik? Eskubiderik? Noiz arte jasan behar dugu biolentzia fisiko, psikiko eta sexuala? Nahikoa da. Honen aurrean, denok bat egin beharra daukagu; indarrak batu beharra daukagu. Borreroei tolerantzia zero eskaini behar diegu, eta biktimei gure enpatia eta sinesgarritasun osoa. Herri libre eta osasuntsu bat amesten eta merezi dugulako”.
Emakumeei ahotsa ematea eta euren lekukotzei sinesgarritasuna ematea ezinbestekoa dela nabarmendu, eta “nik sinisten dut” esatea garrantzitsua dela aitatu du Bidegurenek. “Harreta berezia ipini nahi diogu indarkeria matxistaren biktimek behar eta merezi duten erreparazio eskubideari. Bizi izandako indarkeriaren salaketaren eta emakumeen errelatoa entzutea eta zalantzan ez jartzea. Zalantzan jartzean, euren berba zikindu egiten da, bai eta askotan isildu ere. Halakoetan, gainera, biktimizazio bikoitza sufritzen dute; emakume biktimek jasandako minari lotsa eta erruduntasuna gehitzen dizkiegu, eta bitartean erasotzaileak justifikatzen ditugu”.
Indarkeria matxistak utzitako datuak gogora ekarri dituzte, eta sare feministaren ordezkariek azpimarratu dute, andra horiek guztiak “sistema politiko, polizial, administratibo eta judizialaren labirintoan harrapatuta daudela”. Beste behin, gogora ekarri dute ez dela “emakumeen kontua” bakarrik, “gizarte osoarena” baino.
Ibarrangeluko elkarretaratzea.
Elkarretaratzeak eta manifestazioa. Bestalde, Busturian, Ibarrangelun eta Ean elkarretaratzeak egin dituzte eguerdian. Gernika-Lumon, berriz, Merkurio iturritik manifestazioan atera dira herritarrak, Gernika-Lumoko Sare Feministaren deialadiagaz bat eginez.
Busturialdeko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa dugu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.