[IKUSI HEMEN ATZOKO ETA GAURKO ARGAZKI GALERIA]
Bermeon, 20:00etan Goiko Plazan elkartu, eta Euskaraldiaren txapak, pegatinak eta zapiak soinean, kalejiran ibili ziren. Alde Zaharra musikaz busti zuten, eta euskarazko kanta herrikoiak abestu zituzten Kanta Kanta Lorue taldeko musikari eta abeslarien laguntzagaz. Gernika-Lumon txupinagaz hasi eta amaitu zuten Merkurioko ekitaldia. Konplexuak baztertu, eta konpromisoari eusteko mezua igorri zuten. Euskaraldian parte hartzera animatu zituzten eskualdeko herritarrak, eta gogora ekarri zuten, izena eman ez dutenek oraindik ere izena eman ahal dutela Euskaraldiaren webgunean. Udalerrian osatutako hamaikakoetako bat egon zen bertan, herritarrek osatutako hamaikakoen ordezkaritza modura. Musikagaz batera, dantza izan zen ekitaldiko protagonista. Izan ere, Ross Dantza Eskolako dantzariek, Euskaraldiaren musikagaz prestatutako erakustaldia eman zuten. Dantza modernoak eta euskal dantzak uztartuz, ikuskizun ederra eskaini zuten, bertaratu zirenen txalo artean. Erritmo biziz, dantzan jarri zituzten herritarrak. Halaber, trikiti eta pandero hotsek ere girotu zuten Merkurio ingurua, eta Xabi Solanoren Erre Zenituzten kanta ere abestu zuten. Ekitaldia amaitzean, trikitixa eta panderoekin lagunduta kalejiran ibili ziren, herriko kaleak girotuz. Mundakarrak 19:30ean bildu ziren plazan, eta herriko hamaikakoa igo zen oholtzara. Hizkuntza ohiturak astindu, eta eguneroko hartu-emanetan euskara gehiago erabiltzeko ariketa sozialaren garrantzia azpimarratu zuten, baina, era berean, 11 egun hauetan ez eze, urteko 365 egunetan euskaraz berba egin behar dela aldarrikatu zuten. “Euskereak hau dinosku mundekarroi: Erdu Euskaraldira, oratu geure hizkuntzeari, sasoie da konpleju eta bildurrak alde batera itxi, eta batak besteari ekau zure berbea euskeraz esateko. Asaukoek zein bertokoek erabili jo ta su, Mundekako olatu gainean euskera ederra. Igiri begiak Ahobizi eta Belarriprestok, alkarregaz errazagoa izango da euskerea bihotzetik ezpainetara ataratea eta dantzan ipintea”. Arratzuarrak talde argazkia ateratzeko elkartu ziren iluntzean, eta Ean, Txapajartze Eguna izan zuten; Barry Barrezen bakarriztegaz gozatu zuten Eskolondon bildutakoek. Bermeon moduan, Busturiako Altamira auzoan ere kalejira egin zuten atzo iluntzean, Kantagunearen eskutik. Gaur eguerdian, berriz, Axpe auzoan ibili dira. Abenduaren 3an amaituko da Euskaraldia, eta beraz, hurrengo asteburua ekitaldiz beteta etorriko da.


































































