Bolada onari eusteko beste garaipen bat nahi du Gernika Bizkaiak Galizian
Selekzioengatik atsedena eduki ostean, indarberriturik daude. Txutxi Solarrek esan du ondo etorri zaiela atsedena, psikologikoki gehienbat. Opariak batuko dituzte abenduanZazpitik zazpi. Hori da asteburu honetarako Gernika KESBek daukan helburua bolada...
Selekzioengatik atsedena eduki ostean, indarberriturik daude. Txutxi Solarrek esan du ondo etorri zaiela atsedena, psikologikoki gehienbat. Opariak batuko dituzte abenduan
Zazpitik zazpi. Hori da asteburu honetarako Gernika KESBek daukan helburua bolada onari eutsi ahal izateko.Pazo Provicial dos Deportes Lugo kantxan jokatuko da neurketa, domekan, 18:00etan. Iragan astean ez zen partidurik egon Dia ligan selekzioek jokatu behar izan zutelako, beraz, indarberriturik daude jokalariak. «Eskertu dugu geldialdi hau, denboraldi hasiera oso gogorra izan baita ligako eta Eurokopako partiduak direla eta. Neurketa asko batu zaizkigu egun gutxiren buruan», azaldu dute gernikarrek.
Baina jokalari guztiek ez dute atseden hartzeko denbora izan, Rachel Vanderwal eta Eleanna Christinaki jokalariak Britainia Handiko eta Greziako selekzioekin aritu dira-eta, hurrenez hurren. «Astean hirutan jokatzeak asko nekatzen ditu jokalariak, baina inertzia onean egoteak guztia askoz errazagoa izaten laguntzen du», aitortu du Txutxi Solar entrenatzailearen laguntzaileak. «Psikologikoki ere geldialdi hau oso ondo etorri zaigula uste dut. Taldeak daukan osaerarengatik aldaketa asko egin ahal izan ditugu partiduetan, eta horrek minutuak erregulatzea ahalbidetu digu».
Gernikarrak sailkapenaren goiko postuei eustera joango dira, eta ahal bada, lidertza eskuratzera. Perfumerias Avenidagaz berdinduta daude Mario Lopezek zuzendutako neskak, eta ligan daramaten martxa onagaz jarraitu nahi dute; seitik sei garaipen eskuratu dituzte. Galiziarrak 10. daude, sailkapenean bi garaipen eta lau porrotegaz, eta haientzat ere partiduak garrantzi berezia dauka beheko postuetatik aldentzeko.
Gurutze Gorriagaz
Gernika Bizkaiak bat egin zuen eguaztenean Bizkaiko Gurutze Gorriak martxan jarri duen Bere Eskubideak Jokoan kanpainagaz. Kanpainaren helburua haurrak Gabonetan oparirik gabe ez geratzea da, eta horretarako hainbat ekintza jarri ditu martxan Bizkaiko gorengo mailako kirol taldeekin; tartean dago Gernika KESB. 6.000 jolas lortu nahi dituzte beharrizana daukaten haur bizkaitarrentzat. Talde gernikarreko neskek umeentzako jolasak batuko dituzte abenduaren 21 eta 22an, Gernikako Eroski dendan, eta opariak eramaten dizkietenei sarrerak trukatuko dizkiete urtarrilaren 4an Sant Adria taldearen aurka Malosteko kiroldegian jokatuko duten partidurako.
Jolas horiek berriak, gerragaz zerikusirik ez dutenak eta ez sexistak izatea eskatu dute.
Aipatutako egunaz eta lekuaz gain, Gurutze Gorriak Busturialdean dauzkan Gernika-Lumoko eta Bermeoko egoitzetan ere batuko dituzte jolasak, urtarrilaren 4ra arte. Herritarren laguntza eskatu dute, haurrak oparik barik gera ez daitezen.