«'Arazo' hitzaren bidelagun zintzoa izan da 'vasco' hitza»
Euskara exilioan dagoela dio Koldo Izagirrek. Bere ustez, hizkuntzak gaur egun bizi duen exilio horrek euskaldunekin eta euskal arazoagaz lotura zuzena dauka.Koldo Izagirre (Pasaia, 1953) euskal idazlea dagoeneko ezaguna dute Ean. Pasaitarra hainbateta...
Euskara exilioan dagoela dio Koldo Izagirrek. Bere ustez, hizkuntzak gaur egun bizi duen exilio horrek euskaldunekin eta euskal arazoagaz lotura zuzena dauka.
Koldo Izagirre (Pasaia, 1953) euskal idazlea dagoeneko ezaguna dute Ean. Pasaitarra hainbatetan egon da Eskolondoko aretoan hitzaldiak eta solasaldiak eskaintzen. Joan den astean egon zen azkenengoz, Euskara exilioan da hitzaldiagaz.Zergatik diozu euskara exilioan dagoela?
Lurra hemen daukagu, baina euskara exilioan dago. Euskal arazoa izan daiteke euskara exilioan egotearen arrazoia eta funtsa. Zenbat aldiz ez ote dugu irakurri edo entzun euskal arazoari buruz? Zaila da euskaldunek Euskal Herria arazotzat edukitzea, utopia eraginkor gisa bizi baitute Euskal Herria euskaldunek. Baina utopia horren izendatzea inorentzat arazo bat izan daiteke, alegia, euskalduna ez den multzoko batentzat edo batzuentzat. Ikuspuntu kontua da. Inperio kolonialek urrunetako lekuetan zeuzkaten arazoak bertako arazoak ziren. Hangoak, urrunekoak. Ez ziren leku haiekin indarragaz jabetzeagatik sortutakoak. Horrelaxe funtzionatu izan du mendeetan inperialismoaren logika etikoak.
Ikuspuntu hori aldatzea posiblea da?
Zaila izaten da aldatzea, aldaketa horrek historiaren narrazioa aldatu beharra suposatzen digulako. Politikari katalan batek katalanen arazoa Espainia dela esan zuen, utopia eskuragarri gisa bizi baitute Katalunia katalanek. Espainiar askok hala uste izango ez duten arren, Espainia izan bailiteke arazo askorentzat, katalanentzat, esaterako.Historia nola kontatzen den, nondik, norentzat, eta batez ere, zertarako. El problema catalan gaztelaniaz aipatzeak zikinkeria nardagarri bat suposatuko du espainiarren hizkera inperialean, beraien ama hizkuntzan.
Gauza bera gertatzen al da euskaldunekin?
Ustea daukat gerra aurreko egunkarietan El caso vasco aipatzen zela. Oraindik ez gintuzken sartzen arazoen multzoan. Baina gaztelaniazko prentsan ez ezik, gaztelaniaz diharduten Euskal Herriko historialarien hizkeran ere ongi errotuta dago aspaldiko El problema vasco. Gure historiaren garai ezberdinetako aldi eta arazo zehatzak izendatzeko terminoa dute hori. Arazo hitzaren bidelagun zintzoa izan da vasco hitza, binomio natural bat osatu dute biek. Euskal hitza zein esparrutatik mugitzen da hizkera arruntean, politikoan, administratiboan, autonomikoan… Lanak eskatzen dizkigu euskaldunoi euskal horrek, testuinguru askotan ez baitu behar lukeen euskaltasuna adierazten. EAEk gobernu bat dauka, noski, Eusko Jaurlaritza. Hau da, euskal omen garenon gobernua ez da euskal, eusko da.
Nola gertatu da hori?
Ohituta gaude gaztelaniaz Pais Vasco aipatzen denean beste zerbait ulertzera, euskal eta eusko bereizteak nortasun hipergaratu bat eman digu. Nafarroako Unibertsitate Publikoak ez dauka beste izenik, NUP da. Baina EAEko unibertsitatea EHU da, Euskal Herriko Unibertsitatea. Kiroletan euskal selekzioek Euskadi izena daukate, eta horrela ezagutzen dituzte gaztelaniaz ere. Laprastada semantiko bat aritu da euskal epitetoaren gainean, eta horren egilea kasta politiko-administratiboa izan da, hedabide gehienen konplizitateagaz eta abertzaleen kasta politikoagaz. Zatia osotzat hartu du- gu, osoa utopikoegia zaigulako. Esan genezake, bortxarik gabe pasatu zela gaztelaniazko vasco hori euskal izatera, El problema vasco arazorik gabe hartu zuela bere korpusean euskarak, euskal arazoa. Euskal Herriko politikoak, Euskal Herri historikoa eta kulturala ukatzen duen era berean tapatzen du euskal arazoak euskaldunon arazoa.
Zein izango litzateke euskaldunon arazo hori?
Geografia bati euskal izendapen bat eman zioten haien ondorengoak gara. Euskara euskaldunon herentzia genetikoa da, egun, eskolari eta ikasteko metodo aurreratuei esker, gurasorik eta arbasorik behar izan gabe geureganatzen duguna. Euskaldunok ez gara gure hizkera politikoaren jabe. Euskaldunak ez gara gure hizkuntzaren jabe ez bada kantuan, bertsolaritzan eta literaturan. Adierazpen artistikoetan islatzen eta identifikatzen gara garai hauetan, ez politika termino- logian ezta abertzalenean ere.
Beraz, alor horietatik kanpo euskaldunok ez gara euskararen jabeak?
Euskaldunok ez daukagu multzo gisa ordezkatzen gaituen hitzik hizkera politikoan, euskal epitetoa arazoa bat delako euskaldunontzat, geure burua defenditzeko arazoak sortzen dizkigulako euskaran bertan. Historikoki, klase sozial apalen min- tzaira izan da gurea. Baimena eskatu beharra genuen gure hildakoen harri gainean azaltzeko ere. Hori ez da frankismo garaikoa, XIX. mendean gertatzen zen, Donostian, behintzat. Halako batez, baimen orokor bat eman ziguten: euskaraz esatea, idaztea, kantatzea, ikastea libre genuela esan zuten. Libre ginela esan zigun gaztelaniak, baina ez zen erretiratu hartuta zizkigun eremuetatik. Euskara eskubidea da. Gaztelania, obligazioa.
Horrela nahi izan arren, euskara gure hizkuntza modura hartzen ez dugula uste duzu?
Eskolaren lana, adibidez, ez da euskaldunak sortzea, ezta euskaldun eleanitzak sortzea ere, euskal elebidunak sortzea baizik. Euskararen aurkako irain, bazterketa eta erasoak euskararen aurka egindakoak modura hartzen ditugu. Logikoa dirudi, euskara gure hizkuntza baita. Horregatik, haren aurkako ezer jakiten duguneko asaldatu egiten gara. Gure hizkuntza ez da bizi gu bizi garelako, bizitza autonomo bat dauka, gugandik kanpo.