Txapel bat gehiago
Bizkaia Txapelketa irabazi du Leire Etxaniz Bengoa pilotari etxebarritarrak. Txapelketa gogorra izan dela aitortu du. Emakumeek kontratuagaz jokatzea aurrerapausoa dela dioGaraipenak pilatzen jarraitzen du Leire Etxaniz Bengoak. Azkena, aurten estreina...
Bizkaia Txapelketa irabazi du Leire Etxaniz Bengoa pilotari etxebarritarrak. Txapelketa gogorra izan dela aitortu du. Emakumeek kontratuagaz jokatzea aurrerapausoa dela dio
Garaipenak pilatzen jarraitzen du Leire Etxaniz Bengoak. Azkena, aurten estreinatu duten Emakumeen Eskupilotako I. Bizkaia Txapelketakoa. Bikote gogorra osatu dute pilotari etxebarritarrak eta Eneritz Arrieta azkoitiarrak, eta txapela janztea lortu dute. Bikotea 22-12 nagusitu zen zapatuan Bizkaia Frontoian Amaia Araiztegi eta Maite Ruiz de Larramendiren aurka jokatutako finalean.Irabazleek agindu zuten markagailuan ia partidu osoan, eta beti bezala, Etxanizek bere nagusitasuna erakutsi zuen. Tinko agertu zen Etxebarriko atzelaria, eta ez zien aurkariei aukera gehiegirik utzi. Tanto luze eta borrokatuak lehiatu zituzten pilotariek; hala ere, Arrietak eta Etxanizek (gorriz) aukera guztiak hobeto aprobetxatzen jakin zuten.
Hurre ibili ziren markagailuan bikoteak partiduaren erdira arte, 12 eta 11 jarri zirelarik. Baina Ruiz de Larramendiren huts egite baten ostean, zazpi tanto jarraian egin eta 19-11raino eraman zuten markagailua gorriek, finala ia erabakita utziz.
Amateur mailako kirol maila altueneko hamabi pilotariek jokatu dute Emakumeen Eskupilotako I. Bizkaia Txapelketa, eta finalera heltzea guztien helburua izaten da. Hori dela eta, partida borrokatuak ikusi ahal izan direla uste du Leire Etxanizek. Ligaxkako bigarren partidua nabarmendu du etxebarritarrak, esaterako. «Olatz Arrizabalaga eta Olatz R. Larramendiren kontra jokatutako partidua oso gogorra izan zen. Baina guk maila handia eman dugu txapelketan hasi ginenetik».
Finala ere zaila izan zela aitortu du pilotariak. «Batez ere partidu erdira arte gogorra izan zen. Eneritzek eta biok ondo eutsi genuen fisikoki, baina eurak apaldu egin ziren, eta akats batzuk egin zituzten, eta, agian, horregatik alde egin genuen».
Txapelketaz txapelketa
Lehen aldiz, lan kontratuagaz jokatu dute emakume pilotariek, eta aurrerapauso handia dela dio Etxanizek. «Aldundiak emakumeen kirola bultzatu nahi duela erakusten du horrek, eta ea horrela jarraitzen duen. Abenduan beste txapelketa bat daukagu larruzko paletakoa, eta ea jendea ere gehiago animatzen den ikustera».
Kanporaketetan publiko gutxiago egon den arren, finalak ikusle gehiago erakarri ditu. «Jendeak ez ditu emakumeak frontoian asko ikusi, eta badago ikusnahi apur bat ere».
Bizkaiko Torneoa amaituta, Master Cup txapelketagaz jarraitzen du Etxanizek. Domekan dauzkate final laurdenak Zallan, 11:00etatik aurrera. Partidu gogorrak aurreikusten ditu, baina daukan maila erakutsi eta aurrera egiten ahaleginduko dela azaldu du. Finalaurrekoak abenduaren 2an izango dira Amezketan, eta finala abenduaren 9an, Azkoitian.