Santa Zezili Eguna atzean utzi ostean,
Santa Katalina Eguneko ospakizunek ordezkoa hartuko dute Mundakan. Santuaren eguna domekan bada ere, asteburu osorako
egitarau zabala prestatu dutela nabarmendu du Mundakako Udalak, herriko elkarteen laguntzagaz.
Modu horretara,
zapatuan, santuaren bezpera egunean, hasiko dira herrikoak ospakizunekin.
Bezpera egunean goizean goizetik batuko dira mundakarrak
herriko plazako arkupeetan. Nola ez, dagoeneko tradizio handikoa bilakatu den pil-pil erako
Makailao Txapelketaren kazolak prestatuz emango diote hasiera jaiei. Horrela, dagoeneko 34. aldiz egingo duten txapelketako partaideek eguerdira arte plaza kazolen aroma zoragarriaz beteko dute.
13:00ak arte izango dute makailaoa prestatzeko denbora, ordu horretan
aurkeztu beharko baituzte kazolak. Txapelketaren antolatzaileek puntualtasuna eskatu dute, jarraian epaimahaiak txapeldunak hautatu eta irabazleentzako sarien banaketa hasiko dutela iragarri dute-eta.

Makailaoa izango da zapatu goizeko protagonista Mundakan.
Bazkalduta,
arratsaldean ere zer edo zer egin izango dute Mundakako gazte zein nagusiek. Iluntzea iristerakoan, ume eta gaztetxoek ederto pasatzeko aukera edukiko dute, plazan
buruhandiak ibiliko baitira etxeko txikien atzetik.
Ondoren, santakatalinak musikaren doinuekin beteko dira, herriko
txistulariak kalejiran irtengo baitira. Hortik berriz herriko plazara igaroko dira, musikagaz jarraituz
Arima Cool Tour disko festak hartuko du herriko erdialdea.
Gauean jai giroa Santa Katalinako baseliza ondoko plazatxora pasako da. Bertan, herriko Txilipetxeruek Kultur Elkarteak antolatuta, Etxekalte eta Radio Guerrilla taldeen doinuekin rock
kontzertuak eskainiko dituzte.
Santa Katalina Eguna, domekan. Santuaren eguna domekan izanda, ospakizunekin jarraituko dute herrikoek. Goizean Santa Katalinako plazatxoan haurrek jolastu eta ondo pasatu ahalko dute, beraiei zuzendutako
jolasekin. Udaleko arduradunek jakinarazi dutenez, euria eginez gero jolasak abenduaren 8ra atzeratuko dituzte, Txakoli Egunera, hain zuzen ere.
Eguerdian Katalin Deuna baselizan santuaren eguneko
meza nagusia egingo dute, udalbatzagaz batera. Bukatutakoan, baselizan kanpoan dantzari eta txistulariek herriari zuzendutako
ohorezko aurreskua egingo dute, eta jarraian s
ardina erreak salda beroagaz batera banatuko dituztela iragarri du udalak.
Egitaraua:
- Azaroak 24, zapatua:
- 10:00. 34. Makailao Txapelketaren hasiera plazako arkupeetan.
- 13:00. Kazolen aurkezpena.
- Ostean, sari banaketa.
- 18:30. Buruhandiak plazan.
- Iluntzean, txistularien kalejira Santa Katalinako plazatxotik irtenda.
- 19:30. Arima Cool Tour disko festa herriko plazan.
- 20:00. Etxekalte eta Radio Guerrilla taldeen kontzertuak, Santa Katalinako plazatxoan.
- Azaroak 25, domeka. Santa Katalina Eguna:
- 10:30. Txistularien kalejira herriko plazatik hasita.
- 11:30. Umeentzako jolasak Santa Katalina plazatxoan. Euria eginez gero, abenduaren 8ra atzeratuko dituzte.
- 12:00. Meza nagusia Katalin Deuna baselizan, udalbatzagaz batera.
- Ostean, ohorezko aurreskua eta sardina erreak salda beroagaz.