Musikagaz eta zineagaz ospatuko dute Bakearen Museoaren 20. urteurrena
Bakearen Museoak proposamen berritzailea dakar urtea amaitzeko. Segundo Olaeta Musika Eskolak lagunduta, museoa musikagaz lagunduta bisitatzeko aukera emango dute bariku honetan [azaroak 23] eta abenduaren 14an.
Aipatu bi egunetan 18:30etik aurrera egingo dute bisita berezia. Segundo Olaeta Musika Eskolako irakasle eta ikasleen kontzertuaz gozatuko dute bertaratzen direnek.
Bestalde, Institut Français eta Ambassade de France en Espagneri esker bi pelikula frantziar eskainiko dituzte (azpitituluak gazteleraz izango dira).
Azaroaren 25ean (domeka) Numéro une, (Tonie Marshall zuzendaria, 2017) emango dute, eta Nicolas Philibert zuzendariaren Être et avoir pelikula ikusteko aukera egongo da, abenduaren 16an (domeka). Bi egunetan 11:30-13:30 arteko ordutegia izango du ekitaldiak.
Izena eman. Musika Museoan eta Zinema Museoan ekintzetan parte hartu gura dutenek aurretiaz izena eman behar dutela jakitera eman dute museoaren arduradunek. Izan ere, bisitaldietako pertsona kopurua mugatu dute; musikagaz lotutakoan, gehienez 40 pertsona egongo dira egun bakoitzean, eta zinemarenean, gutxi gorabehera 30 pertsona.
Izena emateko bi modu daude. Batetik, Museoko telefono zenbakira deitu daiteke: 94-627 02 13. Bestetik, bertako posta elektronikora mezua bidalita izena eman ahalko da: hezkuntza.museoa@gernika-lumo.net