Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Egunari lotutako jarduerak antolatu dituzte biharko
Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna azaroaren 25ean, domekan, baldin bada ere, eskualdeko hainbat udalerri jarduerak aurretiaz prestatzen hasi dira. Esate baterako, Forun eta Bermeon bihar emango diete hasiera ekimenei.
Modu horretara, Forun herritarrei zuzendutako genero indarkeriaren aurkako sentsibilizazioa lantzeko tailerra antolatu dute. Foruko Udaletik jakitera eman dutenez, tailerra udaletxean egingo dute bihar, 19:00etatik 20:00etara. Tailerra Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzagaz prestatu dutela azaldu dute, eta herritar guztiei parte hartzera animatu diete.
Zine emanaldia, Bermeon. Bermeon, bestalde, Erroxape Emakumeen Taldeak antolatutako ekimenagaz emango diote hasiera Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Egunari lotutako jarduerei.
Erroxapeko kideek adierazi dutenez, gaiarekin lotura zuzena duen 3 anuncios en las afueras pelikularen emanaldia eskainiko dute. 19:30ean jarri dute hitzordua, taldearen lokalean.
Bermeoko Udalak herritarrei dei egin die antolatutako ekintzetan parte hartzera.