Belatz talde gernikarra nagusi, Banden Lehian
Entzuleen eta epaileen erabakiz eskuratu dute lehen saria. Guztira, hamalau talde aurkeztu dira hamargarren lehiaketara. BBK Liven eta Bartzelonako EH Sonan ariko diraPublikoaren eta epaileen erabakiz, Belatz taldea izan da onena aurten hamargarrenez o...
Entzuleen eta epaileen erabakiz eskuratu dute lehen saria. Guztira, hamalau talde aurkeztu dira hamargarren lehiaketara. BBK Liven eta Bartzelonako EH Sonan ariko dira
Publikoaren eta epaileen erabakiz, Belatz taldea izan da onena aurten hamargarrenez ospatu den Banden Lehian. Euskal musika sustatu eta talde berriei lehen bultzada emateaz arduratzen den lehiaketan hamalau taldek parte hartu dute aurten.Hala, baina, guzti horien artean Asier Zabalak, Ibon Bilbaok, Endika Elizagak, Mikel Condek eta Pello Arriolak osatutako boskotea gailendu da. Bi aste barru aterako dute Denboraren esklabu izeneko lehenengo lana, eta maketa horretan bildutako lau abestiekin aurkeztu dira Azkue Fundazioak antolatutako lehiaketara.
Gutxika-gutxika pausoak ematen ari da Belatz. Ez zuten Banden Lehiaren berririk izan hasiera batean, baina horri buruzko informazioa jaso zutenean izena ematea erabaki zutela aitortu du Asier Zabala taldeko abeslariak. «Lehiaketa bat martxan dagoela ohartuta, zortea daukagun edo ez ikusteko aurkeztu ginen. Hamalau taldetatik lau sailkatzen ziren finalera, eta entzuleen botoekin bertara heltzea lortu genuen. Harrituta geratu gara lortutakoagaz, noraino heldu garen ikusteagaz».
Maila «polita» finalean
Irabazle izatea ez zuten espero gernikarrek, «finaleko taldeen artean maila polita zegoelako». Zapatuan izan zen finala Bilborocken, eta jendearen iritziak ardura handia eduki zuen. Izan ere, talde irabazlearen erabakiaren %40 talde bakoitzak Twitter bidez jasotako botoetan oinarritzen zen, eta %60, berriz, epaileen erabakian.
Twitter bidez boto gehien jaso zituen taldea izan zen Belatz; hala, azken erabakiaren %40 eskuratu zuen. «Ez genuen espero hainbeste boto edukitzea, baina hori lortuta, lehiaketa irabaz genezakeela sinisten hasi ginen», dio Zabalak.
Entzuleen botoak ezeze, epaileek ere gernikarrak zirela onenak erabaki zuten. «Epaileen erabakia ez genuen espero. Bien botoekin irabazleak gara».
Irabazle izatea «izugarrizko poztasuna» izan zela aitortu du abeslariak: «Ez da momentuko poztasuna bakarrik. Zapatuan oso pozik egon ginen, baina honek gure beste helburuak lortzeko motibazioa edukitzen laguntzen digu. Pauso garrantzitsu bat izan da gure bidean, eta denok gaude aurrerantz jarraitzeko gogo itzelagaz».
Banden Lehian irabazteak aparteko sariak dakartza. Belatzek Bilbao BBK Liven joko du, EH Sonan egongo dira Bartzelonan (Herrialde Katalanak), eta Baga Biga diskoetxeak diskoa grabatuko die. «Gure izena kanpoan ezagutaraztea eta musikaren merkatuan egotea ahalbidetzen digu guzti honek».
Lehenengo lana
Lau abestiz osatutako maketa da Denboraren esklabu. «Guk sortutako lehenengo abestiak sartu ditugu bertan, betikoak direnak». Kantuak beraien artean oso desberdinak direla aitortu du Zabalak, taldekideak ere oso desberdinak direlako.
Ez dute estilo finko bat jorratzen, momentuaren araberako abestiak egiten dituzte; batzuetan alaiagoak, eta besteetan, berriz, tristeagoak. Abesti bakoitzagaz estilo eta erritmo desberdinak lantzen dituzten moduan, abestiek ere gai desberdinak jorratzen dituzte. Maketaren izen berbera duen abestiak, esaterako, bizitza «denboraren menpe» dagoela salatzen du. «Denbora jakin baten gainean bizi gara, eta ihes egiten digu». Pausoak emanez bideak zabaltzen ari dira Belatz taldeko kideak, eta horrela jarraitzeko asmoa daukate.