Publikoaren eta epaileen erabakiz
Belatz taldea izan da onena aurten hamargarrenez ospatu den Banden Lehian. Euskal musika sustatu eta talde berriei lehen bultzada emateaz arduratzen den lehiaketan
14 taldek parte hartu dute.
Belatz taldeko kideak Banden Lehiako sariagaz. Argazkia: Belatz
Hala, baina, guzti horien artean Asier Zabalak, Ibon Bilbaok, Endika Elizagak, Mikel Condek eta Pello Arriolak osatutako boskotea gailendu da.
Bi aste barru aterako dute Denboraren esklabu izeneko beraien lehenengo lana, eta maketa horretan bildutako lau abestiekin aurkeztu dira Azkue Fundazioak antolatutako lehiaketara.
Gutxika-gutxika pausoak ematen ari da Belatz. Ez zuten Banden Lehiaren berririk izan hasiera batean, baina, horri buruzko informazioa jaso zutenean apuntatzea erabaki zutela azaldu du Asier Zabala taldeko abeslariak. “Lehiaketa bat martxan dagoela ohartuta, zortea daukagun edo ez ikusteko apuntatu ginen. Hamalau taldetatik lau sailkatzen ziren finalera, eta entzuleen botoekin bertara heltzea lortu genuen. Harrituta geratu gara lortutakoagaz, noraino heldu garen ikusteagaz”.
Irabazle izatea ez zuten espero gernikarrek, “finaleko taldeen artean maila polita zegoelako”. Zapatuan izan zen finala Bilborock-en, eta bertan ere entzuleek ardura handia eduki zuten. Talde irabazlearen erabakian, pisu handia zeukan jendearen iritziak. Izan ere, erabakiaren %40 talde bakoitzak Twitterren bidez jasotako botoetan oinarritzen zen, eta %60, berriz, epaileen erabakian.
Twitter bidez
jasotako botoekin Belatzek azken erabakiaren
%40 eskuratu zuen. “Ez genuen espero hainbeste boto edukitzea, baina, hori lortuta lehiaketa irabaz genezakeela sinisten hasi ginen”, dio Zabalak. Entzuleen botoak ez eze,
epaileek ere gernikarrak zirela onenak erabaki zuten. “Epaileen erabakia ez genuen espero, baina, bien botoekin irabazleak gara”.
Irabazle izatea “kristoren poztasuna” izan zela aitortu du abeslariak: “Ez da momentuko poztasuna bakarrik. Zapatuan oso pozik egon ginen, baina, honek gure beste
helburuak lortzeko motibazioa izaten laguntzen digu. Pauso garrantzitsu bat izan da gure bidean, eta denok gaude aurrerantz jarraitzeko motibazio puntu itzelagaz”.
Zapatuan emandako kontzertua. Argazkia: Belatz
Banden Lehian parte hartzeak eta irabazteak aparteko
sariak dakartza. Bilbao BBK Live-n joko dute, EH Sonan egongo dira Bartzelonan, eta Baga Biga diskoetxeak diskoa grabatuko die. “Gure izena kanpoan ezagutaraztea eta musikaren merkatuan egotea ahalbidetzen digu guzti honek”.
Maketa. Lau abestiz osatutako maketa da
Denboraren esklabu. “Guk sortutako lehenengo abestiak sartu ditugu bertan, betikoak”.
Kantuak beraien artean
oso desberdinak direla aitortu du Zabalak, “taldekideak ere oso desberdinak garelako”.
Ez dute estilo finko bat jorratzen, momentuaren araberako abestiak egiten dituzte; batzuetan alaiagoak, eta besteetan, berriz, tristeagoak. Abesti bakoitzagaz
estilo eta erritmo desberdinak lantzen dituzten moduan, abestiek ere gai desberdinak lantzen dituzte. Maketaren izen berbera duen abestiak esaterako, bizitza “denboraren menpe” dagoela salatzen du. “Denbora jakin baten gainean bizi gara, eta ihes egiten digu”. Pausoak emanez bideak zabaltzen ari dira Belatz taldeko kideak, eta horrela jarraitzeko asmoa daukate.