Hainbeste desiotako garaipena lortu zuen zapatuan Urbietan Real Sociedad B taldearen aurka jokatu zuen partiduan. Etxekoek
1-0 hartu zuten mendean Realaren bigarren taldea. 13. jardunaldia jokatu zuten zapatuan gernikarrek eta ordura arteko bolada txarrari amaiera ematea lortu zuten
Urtzi Arrondoren mutilek. 12 jardunalditan sei puntu zituzten bakarrik, beste hainbeste berdinketa eta porrotekin.
Partida hasieratik nabaritzen zen berdegunean zegoen
tentsio handia eta horregatik lehen zatian atzelariek aurrelariek baino lan hobea egin zuten eta ez zen aukera garbiegirik ikusi. Bigarren zatiaren hasiera ere lehenengoaren antzerakoa izan zen. Gernikarrek
intentsitatea apur bat igo zuten orduan eta
Abaroak bi aukera izan zituen markagailuan aurrea hartzeko: lehenengoa jaurtiketa loratu bat izan zen eta bigarrena lekeitiarraren burukada bat
Entziondoren erdiraketa baten ondoren.
Gernikarrek gogoz ospatu zuten aldagelan lehen garaipena. Argazkia: Iñigo Otazua/Twitter
Baina etxeko bi mutilen arteko jokaldi bati esker hartu zuten aurrea etxekoek. 67. minutuan
Gorka Larruzeak ezker hegaletik egindako erdiraketa bat buruz errematatu zuen
Lander Torrealdai kapitainak eta sareetara bota zuen arratsaldeko gol bakarra markagailura igoaz. Eztanda egin zuen orduan Urbietako harmailak eta denboraldiko lehen garaipena geroz eta hurbilago ikusten zuten etxeko zaletuek. 10 minutu lehenago Pardeiro Puente epaile asturiarrak
etxekoen entrenatzailea egotzi zuen 57.minutuan protesta egiteagatik. Partida amaieran, epaileak berak aktan aitortutakoaren arabera, «bere jarrerarengatik barkamena eskatzera joan zen Urtzi Arrondo» epailearen aldagelara. Golaren ondoren Donostiako taldeak aurrera egin nahi izan zuen baina ez zuten lortu
Garrantxo atezainari lan handiegirik ematea.
Senideen babesa. Jokalariak beroketa ariketak egitetik itzuli zirenean, berdegunera jauzi egin aurretik, Gernikako arduradunek prestatutako ezustekoa aurkitu zuten Urbietako etxekoen
aldagelan: jokalarien senideak zeuden euren zain. Senideek txaloka hartu zituzten euren jokalariak aldagelan eta Urtzi Arrondok zelaira ateratzen zirenean une on zein txarretan, gozatzen daudenean eta erortzear daudenean beraien alboan egoten diren senideetaz gogoratzeko esan zien: «
gure bizitzetako motorra dira. Ez gara bakarrik hamaika jokalari zelairatuko, gaur denok babestuko gara».
Gernikarrek garaipena lortzeko ezinbestekoak izan ziren animoak jaso zituzten eta entrenatzaileak keinu hori eskertu nahi izan zuen: «Benetan berezia gaur bizitakoa. Bizitzak ematen dituen
momentu magiko horietako bat. Plazer bat familia honen parte izatea. Eskerrik asko gaurkoa ahaztezina izatea posible egin duzuen guztioi».
Hurrengo jardunaldia igoera postuetan dagoen Mirandes taldearen aurka jokatuko dute, domekan 17:00etan Anduva futbol zelaian.