Hiru gizonezko atxilotu dituzte, lapurreta saiakera leporatuta
Segurtasun Sailak atzo jakitera eman duenez, Ertzaintzak 26, 40 eta 42 urteko hiru gizonezko atxilotu zituen eguaztenean, Bermeon, ustez etxe bateko sarraila indarrez ireki eta lapurreta egiten saiatzeagatik.17:30ak aldera zibilez jantzitako ertzainek ...
17:30ak aldera zibilez jantzitako ertzainek bi gizonezko eraikin bateko atari aurrean «jarrera susmagarrian» ikusi, eta jarraitzea erabaki zuten. Beste gizonezko bat ikusi zuten eraikin aurreko autobus geltokian zelatan; bi susmagarrien laguntzailea.
Lehenengo biak eraikin barrura sartu zirenean, zelatatze lanak egiten ari zena identifikatu zuten. Agenteek laguntza eskatu zuten, eta kideak agertu ostean, eraikinera sartu ziren. Bi gizonezkoak hirugarren solairuan aurkitu zituzten. Ertzaintzak azaldu duenez, «susmagarriek ez zuten egiten ari zirenaren zentzuzko azalpenik eman».
Batek bihurkin bat zuela ikusi zuten agenteek, eta eraikina arakatzen zebiltzala, etxebizitza bateko atean koskak ikusi zituzten, bihurkinaren forma berekoak.
Segurtasun Sailak adierazi dutenez, atxilotuak epailearen aurrera eramango dituzte izapideak bete ondoren.