Armintxeko uholde arriskua handia dela dio ADESek
Urak Armintxeko margoak kaltetzen dituela berretsi dute ADES espeologia taldekoek. Lea-Artibai eta Busturialdeko espeleologia taldeko kideak izan ziren Lekeitioko Armintxe kobako aurkikuntza egin zutenak, eta herenegun Bizkaiko Foru Aldundiak egindako ...
ADESekoek behin eta berriz ohartarazi dute aipatutako arriskua dagoela, bai aldundikoekin edukitako bileretan bai eta publikoki ere. «Armintxeko aurkikuntza egin genuenetik, ADESeko kideok azterketak egiten ibili gara, eta datu oso garrantzitsuak ditugu. Arduradunei ere datu horiek helarazi dizkiegu, baina inoiz ez dute interesik erakutsi».
Agerraldian egiak ez diren gauza batzuk ere esan zituztela gaineratu du Gorosabelek. «Uholdeengatik margoak ez direla kaltetzen ari esan dute, eta hori ez da horrela». Euri asko egiten duen garaian, ura 8 metrora arte ailegatzen dela esan dute, eta ADESeko kideak dio hori ez dela zuzena. «20 metrora ere ailegatu izan dela ziurtatuta daukagu. Gainera, 13 metroko altueran ura kanpora ateratzeko zuloa dago, eta ura kanpora atera izan da. Beraz, 8 metrotik gora heltzen da». 16 metroko altueran dagoen aztertutako galerian hondatutako grabatu batzuk egotea horren erakusle dela azpimarratu du.
Zaborra
Zabor pilaketak ere ez duela kalterik sortzen esan dute, sarreraren parean geratzen delako. ADESekoak kontrakoa dio. «Zaborra erdi mailako solairu batean geratzen zen, 16 metroko altueran. Eta gune hori urez estaltzen zen 2016an. Dena dela, datu oker hori zergatik eman duten ez dakigu: edo informazioa ezkutatu nahi dute, edo ez dakite zaborra non pilatzen den».