Aritz Erkiaga munduko txapelduna omenduko dute Ispasterren, etzi
Aritz Erkiaga Munduko txapelduna omenduko du Ispasterko herriak, domekan. Zelan ez, zesta-punta partiduak ez dira faltako; Markina-Xemeingo Zesta Eskolako kideen laguntza izango dute. 12:30etik aurrera, zestapunta partiduez gozatu ahalko da Areitz-Bi f...
Beraz, zesta ikuskizunagaz hasiko da eguna, eta jarraian, leku berean egingo dute omenaldi ekitaldia. Markina-Xemeingo Zesta Eskolako umeek jokatuko dute, eta, gainera, Erkiagak berak ere jokatuko du. Hain zuzen, Etxabegaz bikotean ariko da, Antxon etxebarritarraren eta Lekue ondarrutarraren kontra. Ondoren, ohorezko aurreskua dantzatuko diote, eta txapela eta oroigarria emango dizkiote.
Erkiagak Jonathan Hernandez Duke puntista gasteiztarragaz Olharan eta Etxetori irabazita jantzi zuen txapela orain dela hilabete, Bartzelonan, eta finaleko jokalari onena izendatu zuten.
Ispasterko Udalak antolatu du omenaldia, eta Garbiñe Saenz de Buruaga alkateak adierazi duenez, ibilbide osoari egindako aitortza da domekakoa. «Munduko txapelketa irabazi zuenetik argi izan dugu zer edo zer egin behar genuela. Gauza handia izan da Ispasterrentzat. Bera ez da omenaldizalea, baina bere ibilbidea omentzea merezi du», azaldu du Ispasterko alkateak.
Puntista gaztea da, eta AEBetan zein Euskal Herrian hamaika partidu eta txapelketa jokatu ditu. «Gazte-gaztetatik ari da jokatzen, eta herriaren izena munduan zehar zabaldu du zelanbait». Ispasterko alkateak frontoira hurbiltzera animatu ditu herritarrak. Domekako omenaldia zesta-puntari bultzada emateko ere badela azpimarratu du.