Bost musika taldek jaso dituzte diskoak argitaratzeko Kultur Etxeak emandako diru laguntzak
43.000 euro baino gehiago bideratu ditu Gernika-Lumoko Kultur Etxeak herriko kultura egitarauak prestatzen laguntzeko. 22 kultura taldek jaso dituzte diru laguntza horiek, eta aurten, lehen aldiz, bost musika talderen artean banatu dituzte 3.000 euro.
Bakarkako abeslarien eta taldeen artean Backbone taldeak Rebirth lanagatik, Belatz taldeak Denboraren Esklabu diskoagatik, Dientes de Lunak Utopista lanagatik, Toothek Amaierarik ez azken diskoagatik eta Post Pose taldeak izen bereko lanagatik jasoko dute laguntza.
Iñigo Magunagoikoetxea Kultur Etxeko presidentearen arabera, herriko kultur mugimenduaren oparotasuna eta aniztasuna agerikoa da. Hala, esparru horretara zuzendutako musikarientzat izan da Kultur Etxeak eskainitako diru laguntza. Izan ere, diskoak grabatzea izaten da askotan taldeen helburu nagusia, eta argitaratzerakoan zailtasun tekniko eta ekonomiak edukitzen dituzte.
Horren aurrean, “diskoa grabatzeko momentuan laguntza eskaintzeko” asmoagaz banat dute 3.000 euroko laguntza. Diru hori, aurkeztutako bost taldeen artean banatu dute. Taldeek ongintzako kontzertua emango dute Lizeo Antzokian abendu aldera; data zehazteke dago.
22 kultura talde. Kultur Etxeak ematen dituen ohiko diru laguntzetatik, aurten, herriko bizitza kulturala dinamizatzen lan egiten duten 22 taldek jaso dituzte laguntzak. “Taldeen funtzionamenduan laguntzea” izan du helburu Kultur Etxeak. Taldeen artean banatutako diru laguntza txikienak 500 eurokoak, eta handienak, berriz, 3.000 eurokoak izan direla jakinarazi du Gernika-Lumoko Kultur Etxeak.
Laguntzak jaso dituzten talde eta elkarteak hurrengoak dira: Ades Espeleologia Elkartea, Agiri Arkeologia Elkartea, Aldaba Aldizkaria, Andra Mari Korala, Arrano Kultur Elkartea, Gernikako Bonbardaketaren 81. urteurrena, Arteskola, Bake-Leku Elkartea, Elai-Alai Dantza Taldea, Gernika Gogoratuz, Gernikazarra Historia taldea, Gure Garrafie Elkartea, Ideasur, Iparragirre Rock Elkartea, Lurgorri Auzo-Kultur Elkartea, Lurgozo, Marijesiak, Photoka Kultur Elkartea, Pipergorri Kultur Elkartea, Urdaibai Kantagunea, Xankore Antzerki Taldea eta Xiomara Hormaetxe Company.