Lejarraga Basque Team fundazioan sartu da
Dena irabazi du morgarrak, eta orain, goi mailako kirolariak batzen dituen taldeko partaide da. Europako titulua babestuko du azaroaren 17an, BECen, Gavin-en aurkaGoi mailako euskal kirolariak batzen dituen Basque Team taldeko kidea izatea erabaki du K...
Dena irabazi du morgarrak, eta orain, goi mailako kirolariak batzen dituen taldeko partaide da. Europako titulua babestuko du azaroaren 17an, BECen, Gavin-en aurka
Goi mailako euskal kirolariak batzen dituen Basque Team taldeko kidea izatea erabaki du Kerman Lejarraga Morgako errebolberra-k. Aukera izateagatik «pozik eta eskertuta» dagoela esan du. «Eliteko kirolarion bidea gogorra da. Basque Teamek eskaintzen dituen zerbitzuek ditudan erronkak modu errazagoan lortzen lagunduko dit».Basque Team fundazioak eliteko kirol ez profesionaletako euskal herritarrei bekak ematen dizkie. Boxeoa profesional moduan hartzen bada ere, fundazioaren arduradunek esan dute gaur egungo kirolari handienetako bat taldearen parte izatea nahi dutela. Hala, irudi eskubideak jasotzen dituen kontratuta sinatuko dutela iragarri zuten atzo Bilboko agerraldian.
Lejarragak boxeoa «bere urrezko arora bueltatu» duela azpimarratu dute. Izan ere, haren jarrerak eta profesionaltasunak zale asko erakarri ditu, eta boxeoa gustuko dutenengan ilusioa piztu du. «Bere kirol balioengandik, sakrifiziorako gaitasunagatik eta profesionaltasunagatik nabarmentzen da». Bere lanagaz eta inguruagaz duen konpromisoa goraipatu dituzte.
2013ko maiatzean Bilboko Casillan profesionaletan debutatu zuenetik, geldiezin jarraitzen du morgarrak. Dena irabazi du; lehiatutako 26 borroketan nagusitu da, eta horietatik 21etan KOz garaitu du aurkaria. Welter pisuko egungo Europako txapelduna da. Apirilean Miribilla Arenan lortu zuen titulua, bigarren borrokaldian KO teknikoz Bradley Skeete ingelesa garaituta. Azaroaren 17an (zapatua) Europako titulua defendatuko du Barakaldoko BECen. Frankie Gavin ingelesaren kontra ariko da zein baino zein gehiago. Lejarraga da faboritoa, eta ingelesak urte eta erdi daramatza borrokatu barik.
Nazioarteko Boxeo Federazioaren (International Boxing Federation) zerrendan bosgarren postuan dago. Munduko Boxeo Erakundekoan (World Boxing Organization) laugarrena da, eta Munduko Boxeo Elkarteko sailkapenean (World Boxing Association) zortzigarren dago.