Alberdi eta Elkorobarrutia nagusitu dira Durangon
Antxon Alberdi etxebarritarrak eta Mikel Elkorobarrutia markina-xemeindarrak Durangoko Ugarein Xistera Zirkuituko Txapelketa irabazi dute nagusi mailan. Gazte mailan, Aitzol Galletebeitia lekeitiarrak eta Aize Iturraldek lortu dute txapela.Txapelketa e...
Txapelketa eguenean jokatu zuten Durangoko Ezkurdi pilotalekuan. Kanporaketak kiniela erara eta 15 tantora jokatu zituzten. Gazteetan, Galletebeitia eta Iturralde hasieratik nagusitu ziren, eta eurentzat izan zen lehen postua. Bigarrenerako berdinduta geratu ziren Sorozabal-De Betelu eta Garcia-Goitiandia, eta berdinketa haustekoa jokatu behar izan zuten; Sorozabalek eta De Beteluk osatutako bikotea sailkatu zen finalerako.
Maila nagusiko kiniela, berriz, oso lehiatua izan zen. Zortzi bikoteetatik zazpik azkeneko unera arte izan zuten finalean sartzeko aukera. 15era lehendabizi ailegatu zirenak Urriolabeitia eta Aitor Elkorobarrutia markina-xemeindarrak izan ziren. Bigarren, berdinduta geratu ziren, tanto bakarrera, Antxon-Mikel Elkorobarrutia eta Aaron-Zugaitz. Kitarakoa jokatu ostean, bikote bizkaitarra sartu zen finalean.
Finalari dagokionez, Galletebeitiak eta Iturraldek 2-1 irabazi zioten Sorozabal eta De Beteluri gazte mailan (8-15, 15-8 eta 5-4). Maila nagusian, aldiz, Urriolabeitiak eta Aitor Elkorobarrutiak 0-2 galdu zuten Antxon Alberdiren eta Mikel Elkorobarrutiarren aurka (13-15 eta 8-15).
Neskak ere bidea egiten
Emaitza horiek kontuan hartuta, gainera, Aitzol Galletebeitiak gazte mailan eta Antxon Alberdik maila nagusian final nagusirako bidea hartu dute.
Nesken Xistera Zirkuituak ere bidea egiten jarraitzen du. Domekan, esaterako, Tolosako Beotibar pilotalekuan jokatu zuten. Jaialdian gaur egun zesta-puntan jokatzen duten neskarik gehientsuenek parte hartu zuten, eta Euskal Herriko hainbat klub ordezkatuta egon ziren.
Bi kiniela jokatu zituzten guztira, eta, horietan, Jauregik eta Calvo berriatuarrak eta Jauregik eta Arbe markina-xemeindarrak osatutako bikoteek lortu zuten garaipena.
Jauregik eta Naia Calvok 2-1 irabazi zioten Maialen Aldazabal berriatuarrari eta Naroa Merinori (15-14,12-15,5-3). Partidua oso estua izan zen, eta hirugarren set-ean erabaki zen. Maddi Jauregik eta eta Izaro Arbe markina-xemeindarrak, berriz, 2-0 irabazi zioten Landa eta Eneritz Lizardi mutrikuarrari (15-14 eta 15-2).
Neurketen aurretik, aldiz, beste bi kiniela ere jokatu zituzten puntista gazteenek. Ane Elezgarai (Mutriku)-Burne Robles eta Helena Barrenetxea-Maddi Bereziartua izan ziren garaipena lortu zutenak.