Gure Artea saria jaso du Gema Intxausti artista gernikarrak
Gema Intxaustik martitzen iluntzean jaso zuen bere ibilbide profesionala saritzen duen Gure Artea saria, Bilboko Arte Ederren museoan. Ibilbide osoa aintzat hartuta egindako lan sortzaileagatik eta kulturari zein arte garaikideei egindako ekarpenagatik...
«Lan artistiko geldoa eta lasaia garatzeko hautua da bere lanaren ezaugarri nagusietako bat», azpimarratu zuten epaimahaikideek martitzenean. Horrek Intxaustiren ibilbide profesionalean etenik izan ez duen gai garrantzitsuei buruzko hausnarketa baldintzatu duela esan zuten, «hala nola, sorkuntza plastikoaren eta ikusizkoaren bidezko irudikapenaren ingurukoa».
Horregaz batera, joera igarokorretatik aldendutako lanak eta bizitza duinari, inkomunikazioari, nortasunari, oinazeari eta plazerrari buruzko obrak egin dituela nabarmendu zuten.
Gema Intxaustigaz batera, Erlea Maneros eta Bulegoa z/b taldea saritu zituzten. Sorkuntza Lana Aitortzeko saria eman zioten Erlea Manerosi, eta Arte Plastiko eta Ikusizko arloan agenteek egindako lana aitortzeko saria Bulegoa z/b taldeari.
Ekitaldian euskal artisten obra ezagutzera emateko euskal museoek daukaten garrantzia azpimarratu zuen Bingen Zupiria sailburuak. «Gure museoek, nazioarte mailako artisten obra guregana hurbiltzeaz gain, gure artisten talentua proiektatzeko balio behar digute».