Bakearen aldeko keinuak
Willian Kelly artista australiarraren ‘Arteak bala bat geldi dezake?’ lana ikusgai dago Bakearen museoan. Gerrek sortutako ondorioak eta herritarren erantzunak ikusi ahal dira erakusketan.
William Kelly artista australiarraren lana martxoaren 17ra arte ikusi ahalko daArtistak bere obretan erakutsi modura, arteak gauza askotarako balio du; dela gerra erakusteko, gerra bizi dutenen testigantzak jasotzeko edota egoera eta gertakizunak salatzeko. Hala, Willian Kellyk dioen moduan, “margo batek ezin dezake bala bat geldiarazi, baina bai tiro bat ekidin”. Bakearen Museoan dagoen erakusketan, artistak bakearen alde egiten duela argi ikus daiteke. Izan ere, asko dira bere margolanetan sinbologia erabiliz bakeari egiten dizkion keinuak. Margolanak ez ezik, bideo bat ere aurki daiteke bertan. Ikus-entzunezko horretan, hainbat argazki, testigantza zein bideo sekuentzi ikus daitezke; guztiak eraso baten ondorio izandakoak. Hala, baina, agertzen diren irudiak gatazkaren aurkakoak dira: eraso matxistaren aurka emakumeek antolatutako manifestazioak; Gernika-Lumoko biztanleen testigantzak bonbardaketa gertatutakoa ezagutarazteko; artista ezagunek gatazken aurka egindako abestiak, filmak edota adierazpenak; baita Vietnameko gerra amaitzen lagundu zuen Nick Ut-en argazkia ere. Kellyk azaldu moduan, esanguratsuak dira bideoko irudiak. Picasso artista bakezalea zela dio, “berak margotutako Gernika obrak gerraren trajedia agerian jartzen duelako, eta itxaropenerako lore bat erakusten duelako”. Guzti horregaz, “bizitzak opariak” eskaintzen dituela azaldu gura izan du Kellyk: “Pertsona bakezaleak daude, zubi eraikitzaileak direnak edota aldaketak eskatzen dituztenak”. Izan ere, artistaren berbetan, eta bere lana justifikatuz, “biolentzia gure ahulezia dela ulertzen dugun momentu horretan, konturatuko gara maitasuna dela gure indarra”. Biolentziaren aurka. Edertasuna, grazia eta maitasuna ezin direla arma baten kanoian ezta biolentziaren erdian aurkitu azaltzen du bere lanagaz Kellyk: “Edertasuna ez da erasoaren erdian topatzen ezta babes eske dabiltzan errefuxiatuen kontrako eraso edo oldarkeriaren erdian topatzen. Edertasuna, grazia eta maitasuna amaren magalean dagoen ume baten irudiarekin hasten dira niretzat. Maitasuna ondo ezagutzen duen umean, jolasean dabilen ume baten barre algaran”. Artea hirugarren Reich-aren garaiko artistetan, zein filmetan aurki daitekeela dio artistak, baina norbere buruari ere hitz egin diezaiokeela arteak dio. Hala, William Kelly artistarentzak, arteak “esanahi eta indar handia” dauka: “Arteak indarra du. Aipagarria den arteak ausardia eskatzen du. Pertsonen pentsamendua alda dezake”.