Gure Artea saria jaso du Gema Intxausti artista gernikarrak
Gema Intxaustik atzo iluntzean jaso zuen bere ibilbide profesionala saritzen zuen Gure Artea saria Bilboko Arte Ederretako museoan.
Artista gernikarraren lan eta ibilbide osoa aintzat hartuta “egindako lan sortzaileagatik eta kulturari zein arte garaikideei egindako ekarpenagatik” lortu du aipamena.
“Lan artistiko geldoa eta lasaia garatzeko hautua da bere lanaren ezaugarri nagusietako bat”, azpimarratu zuten epaimahaikideek atzo iluntzean. Hala, horrek, Intxaustiren ibilbide profesionalean etenik izan ez duen gai garrantzitsuen inguruko bere hausnarketa baldintzatu duela esan zuten; hala nola, sorkuntza plastikoaren eta ikusizkoaren bidezko irudikapenaren ingurukoa.
Joera igarokorretatik aldendutako lanak egin dituela gernikarrak azaldu zuten, baita bizitza duinari, inkomunikazioari, nortasunari, oinazeari eta plazerrari buruzko obrak egin dituela esan ere.
Gure artea sariak. Gema Intxaustigaz batera, Erlea Maneros eta Bulegoa z/b taldea saritu zituzten. Sorkuntza Lana Aitortzeko saria eman zioten Erlea Manerosi, eta Arte Plastiko eta Ikusizko arloan agenteek egindako lana aitortzeko saria izan zen Bulegoa z/b taldearentzako.
Gainera, ekitaldian euskal artisten obra ezagutzera emateko euskal museoek duten garrantzia azpimarratu zuen Bingen Zupiria salburuak. “Gure museoek, nazioarte-mailako artisten obra guregana hurbiltzeaz gain, gure artisten talentua proiektatzeko balio behar digute”, aitortu zuen.