09:00etan zabaldu dute Urriko Azken Asteleheneko azoka, eta
15:00ak bitartean izango da zer saldu eta zer erosi Gernika-Lumon. Guztira, iazko moduan,
333 postu jarri dituzte udalerriko kaleetan zehar. Postu gehienak gaztarenak dira – 52-.
Hala ere, artisauen 50 postu jarri dituzte, ortuarien 45, ogiaren eta euskal pastelaren 42, txakolinaren 19, makinariaren 16, kontserben 13, fruten 8, sagardoaren 6, erroskilen 5, eta eztiaren eta esnekien 4 postu hurrenez hurren.
Euria egin arren, baserritarrak goiz hurbildu dira Gernika-Lumora eta 09:00etarako prest izan dituzte beraien postuak.
Artekale kalean 66 saltoki jarri dituzte eta
50 Pasealekuan. 48 daude San Juan kalean, 46 Juan Calzadan eta 42 Santa Ana aparkalekuan. 40 salmahai ikus daitezke Industria kalean, 20 Domingo Alegrian eta 7 San Juan Ibarran.
Txosnak Foruen plazan, Industria kalean, Saraspen, Alhondigan, San Juan Ibarran eta Juan Calzadan daude kokatuta.
Eguraldi kaxkarra egin arren, goizetik hasi da jendea hurbiltzen Gernika-Lumora. Ordubete bat daroa zabalik azokak. Jende mugimendua nabaritzen da, baina, eguerdirako espero da jende gehien. Bertaratutakoek, baina, hamaika postu ikusteko eta hamaika produktu dastatzeko aukera dute. Dastatzen eta erosten ere badabil jendea, eta taloa edo bestelako pintxoak prestatzen dabiltza dagoeneko txosnetako kideak.
Eguzkia lagun izan ez arren,
bertsolariek alaituko dute eguerdia Merkurio iturriaren parean jarritako eszenatoki gainean. Eta horien saioa bukatu bezain laster hasiko dute ortuarien, fruten, txakolinaren, eztiaren, gaztaren eta apaintzeko loreen
lehiaketako sari banaketa 13:30 inguruan. Gero, urtero egin legez, lehiaketa irabazi duen gazta erdiaren eta bigarren gazta erdiaren
enkantea egingo dute agertoki berean.
Arratsaldean, giroak ez du etenik izango, eta porru festaz gozatzeko aukera izango dute bertaratutakoek Astran. Dj Bullen laguntzagaz kulturarako fabrika soziala musikaz beteko dute.
Urriko Azken Astelehena Masterra. 18:00ak aldera zesta punta jaialdiaz gozatzeko aukera egongo da Jai Alai frontoian. Zapatuan lehiatu zituzten Urriko Azken Astelehena Masterraren finalerdiak, eta gaur
arratsaldean da
final handia. Goikoetxea-Hernandez eta Olharan-Lopez bikoteak ariko dira zein baino zein gehiago.
Gainera, jai giroa nagusi izango da. Izan ere, Jai Alai & Music formatoari eutsiz, kirolak eta musikak bat egingo dute beste behin Zestaren Katedralean. Lon DJ Twisten erritmopean elkartuko dira zaleak bertan.