Birziklapena bultzatzeko 'Birziklapenean jaioak gara' kanpaina iritsi da Gernikara
Gaur da Pasealekuan Ecoembesek antolatutako kanpainaren erakusketa ikusteko azken eguna. Birziklatzeko herritarren laguntza «beharrezkoa» dela adierazi du Maria Uribe zinegotziakBirziklapenean jaioak gara kanpaina iritsi da Gernika-Lumora, eta gaur d...
Gaur da Pasealekuan Ecoembesek antolatutako kanpainaren erakusketa ikusteko azken eguna. Birziklatzeko herritarren laguntza «beharrezkoa» dela adierazi du Maria Uribe zinegotziak
Birziklapenean jaioak gara kanpaina iritsi da Gernika-Lumora, eta gaur da Pasealekuan kokatutako erakusketa ikusteko azken eguna. 09:30etik 14:00etara eta 16:30etik 19:00etara egongo da zabalik.Hondakinei buruzko Europako helburuei susperraldia emateko Ecoembesek Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren laguntzagaz antolatutako ekimena da honakoa.
2030. urterako hondakinen %10 murriztea da Bizkai, Gipuzkoa eta Arabako helburu nagusia. Era berean, ontzien %60 birziklatzea eta kolore horiko ontzien %70eko birziklatze tasa lortu gura dute.
Herritarrak sentsibilizatu eta ekonomia zirkularreko prozesuetan haien parte hartzea suspertu gura du kanpainak. Hala, herritarrek sortzen dituzten hondakinen birziklatze «handiagoa eta hobeagoa» bultzatu gura dute; alegia, «kontsumo arduratsuaren alde egin».
Erakusketa hiru eremutan banatuta dago: erakusketa gunea, toki ludikoa eta kanpoko jardueretara bideratutako lekua.
Birziklatzeko zer egin daitekeen eta zein den hori egiteko mo- du egokiena azaltzeaz arduratzen dira gune horietan. «Modu dinamikoan birziklatzea erraza dela ikustarazi nahi dugu, jokoen eta galderen bitartez herritarren ohiturak birziklatzearen alde aldatu gura ditugu», aitortu du erakusketako arduradunak. Birziklatzearen prozesua modu errazean azaltzen dute bertan, eta hurbiltzen diren herritarrak hiru guneetatik pasatuko direla aurreratu dute; izan ere, hiru prozesuetan parte hartzea «oso garrantzitsua» da.
Herritarren laguntza
Maria Uribe Gernika-Lumoko Ingurumenerako zinegotziak erakusketa bisitatu zuen atzo eguerdian, eta birziklatzeak daukan garrantzia azpimarratu zuen bertan. «Herritarren kolaborazioa beharrezkoa da birziklatze tasak igo daitezen. Udalerrian oso zenbaki onak dauzkagu, baina ingurumena zaintzen jarraitu behar dugu, eta zaborra birziklatzea beharrezkoa da».
2016tik 2017ra bitartean udalerriko birziklatze tasa igo zela gogorarazi zuen atzo zinegotziak; 470.832 kilotik 527.329 kilotara igo zen. Oro har, azken urteetan Gernika-Lumoko herritarrek birziklatzearen alde egin dutela esan zuen, 2016tik hona %7 gehiago birziklatu delako herrian. Kartoi eta paper hondakinei dagokienez ere, 2017. urtean 702.706 kilo bildu ziren, 2016. urtean baino 223.000 kilo gehiago, hain zuzen.
Era berean, Urriko Azken Astelehena berton dagoela ikusita, Gernika-Lumoko Udalak eta Ecovidriok bilketarako atez ateko berezia jarri dute martxan, iaz egin legez, 45 lokaletan.
Erdigunean Vacri motako hamahiru edukiontzi jarriko direla azaldu du zinegotziak, eta bederatzi txosnei gurpildun ontziak emango dizkietela, «beiraren bilketa eta birziklatzea errazteko». Iaz 17.000 kilo jaso zituzten egun horretan.