Auzolana aldarrikatuz, Usotegi Eguna ospatuko dute zapatuan, Lekeition
10:00etan hasita, askotariko ekintzak egingo dituzte Usotegi parkean. 12:30ean hamaiketakoa egingo dute. Herritarren batek parkean ortua eduki nahiko balu, aukera legokeela esan duteLekitto Bedarra Lekeitioko ortularien elkarteak antolatuta, Usotegi Eg...
10:00etan hasita, askotariko ekintzak egingo dituzte Usotegi parkean. 12:30ean hamaiketakoa egingo dute. Herritarren batek parkean ortua eduki nahiko balu, aukera legokeela esan dute
Lekitto Bedarra Lekeitioko ortularien elkarteak antolatuta, Usotegi Eguna ospatuko dute beste urte batez zapatu goizean, Lekeitioko Usotegi parkean. Antolatzaileek azaldu dutenez, auzolana taldearen ardatz nagusia denez, aurten ekintza bakarra antolatu dute filosofia horren baitan. «Auzolanean egingo dugu zelaiko belar mozketa, ortuko hazi haztegien prestaketa, landaketak eta abar».Auzolanean egingo dituzten ekintzak 10:00etatik 12:00etara egingo dituztela esan dute. Ostean, 12:30ean, hamaiketakoa egingo dute, taldeko kideek eramango duten jakiekin.
Ortua edukitzeko aukera
Usotegi Egunari esker taldeko kideek Usotegi parkean egiten duten lana erakusten diete herritarrei. Horrez gain, herritarren batek parkean bere ortua eduki nahiko balu, parkeko ortuan horretarako lekua lukeela azpimarratu dute elkarteko kideek. «Taldeko kideok laguntzeko prest gaude, eta nahiz eta egun horretan gauzak landatu, gerora nahi duenak nahi duen modura kudeatu ahal du bere ortua, nahi dituen landareak ipinita», azaldu dute. Dena dela, ortua erabili nahi duten herritarrek taldeko kideei jakinarazi beharko dietela esan dute.
Azkenengo urteetan modura, zapatuan Usotegi jendez betetzeko gonbidapena egin dute Lekitto Bedarreko kideek: «Animatu, eta zatoz gugaz goiz ederra pasatzera».